GAUR8

Abian da Bziber lehiaketa, TikTok sareko gazteen euskarazko bideoen bila

Bziber lehiaketa berri bat jarri dute abian. 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta, «gazteak eta sareak euskaraz ehuntzea» helburu duen deialdiak planteatuko diren erronkei erantzuten dieten bideoak bilatzen ditu. Lorea Intxaustik proposatuko ditu erronkak.

Maiatzaren 1era arte egongo da martxan Bziber lehiaketaren zortzigarren edizioa. TikTok sarean gazteen euskarazko bideoak bilatzen dituen deialdia Azkue Fundazioak bultzatzen du, gazteak eta sareak euskaraz ehuntzeko asmoz.

13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta aurten Lorea Intxausti aktorea izango du erronka sortzaile. Astelehenero eta lehiaketa amaitu arte erronka ezberdinak proposatuko ditu, sormena eta gazteen gaitasunak pizteko.

Lehiaketak ez du izen-ematerik eskatzen, nahikoa da «bideoak argitaratzearekin edo modu pribatuan bidaltzearekin». Maiatzaren 1a da jarri duten epemuga.

Edizio honetan, Lorea Intxaustirekin batera beste aktore batzuk egongo dira erronkak egiten: Nahia Sillero (@nahisillero) eta Ainhoa Azpitarte (@azpitarteainhoa) ‘Irabazi arte’ telesaileko aktoreak eta Kimetz Etxabe (@etxabekimetz) ‘Go!azen’ telesaileko Gontzal pertsonaia.

Jakinarazi dutenez, maiatzaren 2an iragarriko dituzte lau irabazleak, Bziber lehiaketaren TikTok eta Instagram profilen bidez eta lehiaketaren webgunearen bitartez.

«Erronka bakoitzetik lau irabazle aterako dira, beraz, zenbat eta erronka gehiago egin irabazteko aukera gehiago izango dituzte gazteek», azaldu dute antolatzaileek. Irabazleek Fnac dendetan gastatzeko 75 euroko opari txartela jasoko dute.