Seigarren edizioaren atarian dago Mendialdeko Azoka Ibiltaria, tokiko baserritarren eta eskualdeko artisauen denboraldiko produktuak sustatzeko xedez 2020an praktikan jarri zen esperientziari jarraipena emanez, eta Betelu izango da ibilaldi berriaren lehen geldialdia igande honetan, hilaren 13an.
«Sustapen eta salmenta kanal zuzena izanik, bertako produkturik onenak eskaintzeko aukera ematen du, modu iraunkor eta arduratsuan ekoitzitakoak, eta tokiko lehengaiak erabiltzea bereziki baloratzen du», adierazi dute hitzordua bultzatzen duten erakundeek. Gaineratu dutenez, kontsumo arduratsua eta ingurumenarekiko kontzientzia sustatzea ere ekimenaren bi ardatz nagusiak dira, «eskualde hauen paisaia, ekonomia eta kulturarekin bat eginez».
Nabarmendu dute, bestalde, azoka hauek biltzen dituzten postuek «bizimodu bat definitzen» dutela eta «gaur egun gure esku dagoen lurralde baten erretratua marrazten dute».
Guztira, 22 postu egongo dira Betelun. Denboraldiko fruituak, gazta, eztia, taloa, hestebeteak, haragia, pateak, ogia, arrautzak eta esnekiak izango dira, besteak beste, kontsumitzailearen esku jarriko dituzten produktuak. Horien ondoan, gainera, 11 artisautza postu izango dira, egur, zeramika, metal eta ehungintzako eskulanentzako.
Azoka ibiltariek, bestalde, ekitaldi paraleloak izango dituzte. Beteluko honetan, esaterako, dantza tradizionalak eta musika izango dira protagonista, «herriko trikitilari eta fanfarrearen eskutik».
Maiatzaren 18an, Gorritin
Bost azoka daude aurreikusita 2025erako. Beteluko honen ostekoa maiatzaren 18an izango da Gorritin, eta Latxa arrazako aharien IV. enkantearekin bat egingo du. Ekainaren 1ean, Goizuetan izango da hitzordua, eta Emakume Artzainen Eguna ere egingo dute.
Irailaren 14an itzuliko da azoka ibiltaria Leitzara, eta XVIII. Talo Eguna izango dute bertan. Programako azken azoka azaroaren 2an izango da Jauntsaratsen, Basaburuan, Gaztain Egunarekin bat eginez.
Azoka guztiek igandeetan eta goizeko ordutegian egingo dira, 11.00etan hasi eta 14.30era arte.
Hamar udalerrik parte hartzen dute Mendialdeko Azoka Ibiltarian: Araitz, Arano, Areso, Basaburua, Betelu, Imotz, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberri.