Victoria & Albert Londreseko museoak erakusketa berezia zabaldu berri du. Cartier luxuzko markak bere bitxi eta ordularirik ikonikoenak jarri ditu ikusgai: perlak, diamanteak, pertsonaia esanguratsuek jantzitako bitxiak... horiei esker etxe frantsesaren bitxigintzaren historiari errepaso bat egitea posible da. «Cartier gogora ekartzean denok pentsatzen dugu diseinu epikoak eta izen glamuroso bat duen marka dela, baina hori da oso onak direlako modaz pasatzen ez diren sorkuntzak egiten».
Jada zabalik dagoen erakusketa azaroaren 16ra arte bisitatu ahal izango da, nahiz eta lehen egunetarako jada sarrerak agortuta dauden. Londreseko museora eraman dituzte munduko beste museo desberdinetan dauden pieza arraroak, eta baita Europako monarkienak diren hainbat bitxi ere. Guztira 350 lan ikus daitezke.
Piezetako bat da Ingalaterrako Elizabeth erreginak bere koroatzean erabili zuen Williamson brotxea. 23 diamante arrosa ditu, munduko arraroenak. Koroatzera Clementine Churchillek, Winston Churchil lehen ministroaren emazteak, eraman zuen tiara ere han dago. Pieza hori Rihanna abeslariak jantzi zuen baita ere aldizkari baten portadan. Cartier duela 180 urte sortu zuen Parisen Louis-Francois Cartierrek. Bere atzetik Louis eta Pierre bilobek ekion zioten negozioari.
«Ikusten dugu, markaren hasieran ere, Cartier inspirazio bila zebilela beti. Mundu islamiarretik, Egiptotik, Txinatik, Indiatik inspirazioa ekarri zutela nabari da. Anaiek asko bidaiatu zuten. Errusiara joan ziren, Indiara joan ziren...».
Garai bakoitzaren adierazgarri diren bitxiak aurkitu daitezke Victoria & Alberten. II. Mundu Gerran zehar Nazien okupazio frantsesa islatzeko kaiolan zegoen txori baten brotxea diseinatu zuen. Frantziaren liberazioaren ostean, diseinua aldatu egin zen eta kaiolatik ateratzen den txoria irudikatu zuen. "Free as a bird" deituriko diseinu hori ikonikoa da gaur egun.