Chizuko Kimura Michelin Izar bat lortzen duen lehen sushi sukaldari emakumea bilakatu da aurten. Bere senarrak, Shunei Kimurak, Sushi Shunei jatetxea zabaldu zuen Parisen 2021ean, eta 2022ko martxoan, Michelin Izarra jaso zuen. Ametsak gutxi iraun zuen, hiru hilabete beranduago hil baitzen, minbizi baten ondorioz. Bere nahia jatetxea martxan jarraitzea zen.
2023an jatetxeak bere izarra galdu zuen, eta Chizukok berreskuratuko zuela zin egin zuen. Orain lortutako izarra bere senarrarena izaten jarraitzen duela dio, baina txefak ez du zertan hain umila izan, bere kategorian lorpen hori heltzen duen lehen emakumea baita, beste sukaldari emakumeentzat eredu bilakatuz.
Chizuko lan gabe gelditu zen 2020an, pandemiaren ondorioz, eta orduan bere senarrak zuen jatetxean laguntzen hasi zen, ordurako jada gaixo zegoelako. Berari begira ikasi zuen nola moztu behar zuen arraina, nola egosi behar zuen arroza, nola zerbitzatu... oraindik ere, oporretan, Japoniara bidaiatzen du formakuntzarekin jarraitzeko.
Aldaketa txikiak, hobetzen jarraitzeko
Sushi Shunei txikia da, bederatzi plaza besterik ez ditu, eta arkitektura xinplea du. Dastaketa-menua denboraldiko jakiez osatutako sashimi eta nigiriak dira, barran bertan zerbitzatuak.
«Bezeroek diote ‘Japonia txiki batean’ gaudela, eta, egia esan, Japoniako giroa lortzen saiatu gara, bai espazioari zein zerbitzuaren kalitateari dagokionez, bezeroek benetako sushi japoniarra dastatu dezaten. Nik uste dut hau bezero frantsesentzat erakargarria dela eta ez dut norabidez aldatzeko intentziorik».
Jatetxearen ospea mantentze aldera, Chizukok Takeshi Morooka sushi maisua kontratatu zuen, menuan sakez lagunduta jaten diren ‘tsunamiak’ asmatu zituen, arrozaren errezeta hobetu eta egosteko aparailuak berritu zituen. Lan gogorrak fruituak eman ditu orain.