AFP

Munduko animalien ihesaldia, krisi klimatikoa salatzeko

‘The Herds Project’ ekimenak benetako tamainako animalien 70 txotxongilo erabiliko ditu Afrika eta Europan zehar egiten ari diren biran krisi klimatikoaz ohartarazteko. Jendea kontzientziatzea dute helburu, antzerki eder honen bidez.

Klimaren aldeko arte ekimena da ‘The Herds’. Benetako tamainako animalien txotxongiloak egin dituzte, eta Afrikako zein Europako hiri nagusietan oihaneko animalien ihesaldia irudikatzen ari dira. Bira Kongoko hiriburuan, Kinshasan, hasi zuten apirila erdialdean.

Animaliak jada Lagos hiriko Makoko auzora iritsi dira. Handik beste hirietara egingo dute salto: Dakar, Marrakesh eta Casablanca, Madrid eta Bartzelona, Marseilla, Arles eta Paris, Venezia, Manchester eta Londres, Aarhus eta Kopenhage, Estokolmo eta Trondheim. Azken geldialdia Zirkulu Polarra izango da.

Hiriz hiri hondamendi klimatikotik ihes egin nahi duten animaliak gero eta gehiago izango dira.

«Proiektu honek planetan gertatzen ari denaren inguruko zentzu emozional indartsua irudikatu nahi dio publikoari. 20 animaliekin hasi ginen, Marokotik ateratzean 40 izango dira eta Europa zeharkatzean 70 izango dira hondatutako ekosistemetatik ihes egiteko bidaiatzen duten animaliak», argitu du David Lan ekimeneko kideak.

Txotxongiloak egiteko material organikoak eta birziklatuak erabili dituzte.

Siphokazi Mpofu txotxongiloak mugitzeaz arduratzen den lantaldeko kidea da. «Kartoiarekin hasi ginen, baina gero egur kontratxapatua ere gehitzea erabaki genuen, erronkei aurre egiteko. Erabiltzen dugun material gehiena birziklatua da. Animalien azala kartoiarekin egina dago. Artikulazioak, berriz, goma beltzez egindako zurdak dira», azaldu du sortze prozesuari buruz.

Animaliak urrutitik ikusita benetakoak dirudite, ikuskizun ikusgarri bilakatuz. Baina ederrak izateaz aparte, ‘The Herds’ taldeak oso argi du bere helburua.

«Espero dugu milaka eta milaka pertsonek gu ikustea, eta zabaltzen ditugun balioak euren komunitateekin partekatzea. Hau egin badezakegu, agian Lurra salbatzeko bidea da. Guzti honek krisi klimatikoarekin du zerikusia eta gizakiok badugu zer esan, hain justu animaliek egiten ari direna, ihes, gizakiok ere egiten dugulako», dio Mpofuk.

‘The Herds’ ekimenaren pausoak euren webgunean zein sare sozialetan (X, Instagram eta YouTube) jarraitzea posible da.