Oier IMAZ ALIAS

Faisaien irla

Faisaien irla leku bitxia da. Ez-leku bat. Bidasoa ibaiaren isurian kokatua, munduko kondominiorik txikiena. Lekuak badu bere esangura historikoa. Adibidez, bertan adostu zuten Espainia eta Frantziako erreinuek Pirinioak izango zirela bien arteko muga “naturala”. Baita irlaren jabetza bien artean banatzea ere. Urte erdiz, abuztutik urtarrilera, Frantziarena da,eta urtearen beste erdiz, Espainiarena. Baina, dirudienez, batetik bestera doan bitartean ez da inorena. Une hori baliatzen du Asier Urbietak, Faisaien Irla filmaren zuzendariak, mugan errefuxiatuekin bizi dugun egoeraren inguruan hausnartzera gonbidatzeko.

Historian kokatzeko, Bidasoa ibaian gertatzen da tramaren korapilo nagusia. Laida eta Sambou Hendaian bizi diren bi irundar dira. Oinez doaz ibai ertzetik eta bi gazte ikusten dituzte itotzear, ibaia gurutzatzen saiatzen ari direla. Momentu batean badirudi trama nagusia bi pertsonaia hauen inguruan egituratuko dela. Laidak segidan erreakzionatzen du, salto egiten du uretara eta Nassim ibaiertzera ekartzea lortzen du. Sambou, aldiz, izoztua gelditzen da, Omar ibaiak eramaten duen bitartean. Zer egingo zenuke zuk egoera berdinean?

Filmak aurrera egin ahala, aldiz, agerian gelditzen da dilemak ez duela erantzun egokirik. Zuzendariak berak irekirik utzi zuen auzia bere erantzunean Donibane Lohizunen egindako aurkezpenean: «Pentsatu nahi dut uretara salto egingo nukeela, baina, zintzoki, ez dakit». Alderantziz, dilema hastapeneko hari bat baino ez dela iruditzen zait. Pertsonez eta harremanez osaturiko mataza desegiten laguntzen duen hari bat. Hari horretatik tiraka ezagutuko ditugu Nassim, Irungo harrera gunea, mugako jendarmea, Mikel argazkilaria, Mamadu albaitaria, Koldo Laidaren aita, La Kaxita, Daxera doan trenbidea edo Baionako kanpalekua, besteak beste.

Pertsona orok du joan eta etorri aske ibiltzeko eta estatu baten lurraldean bizitokia aukeratzeko eskubidea (Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 13. atala). Oinarrizko printzipio bat da. Adostasun zabalekoa eta loteslea. Baina, 2021ean hasi baziren filmaren ideia ontzen, kasu erreal batean oinarrituz, ordutik hona, beste bost pertsona ito dira Bidasoa ibaia gurutzatzen, hiru trenak harrapatu ditu, Parisera bidean, eta beste batek bere buruaz beste egin du, berriz, ibaiaren parean. Etsipenak gainditurik. Gure etxearen atarian.

Donibane Lohizune eta Baionako estreinaldietan, filmaren osteko solasaldian, bi emazte zaharrek hartu zuten hitza, eta hastapeneko galderari modu berean erantzun zioten. Eta zuk zer egingo zenuke? «Ni uretara botako nintzateke, igeri egiten baneki». Umore apur batekin adierazten zuten zineman, Baionan, Donibanen edo Urruñan geunden gehienok sentitzen genuena. Ahal duguna egiten dugu. Kontzientzia ez dugu lasai. Eta mina sentitzen dugu. Baina guri ere ahaztu egiten zaigu. Agian horretan egiten du ekarpen handiena Faisaien Irlak. Fikzioa izanik ere, mugan bizi eta hiltzen diren pertsonen bizitzaren kontakizuna ondo jasotzen du. Eta kontatzea bada gure buruaren ardura hartzeko modu bat. •