GAUR8

Gaurko egunez egin zen Latasa eta Luxiaren arteko aizkora apustu handia

1959ko apirilaren 26an egin zen Ramon Latasa eta Jose Narbaiza ‘Luxia’ aizkolarien arteko apustua, gaur 66 urte. Donostiako Txofreko zezen plazan jokatu zuten ia 18.000 ikusle elkartuz eta azkenean Ramon Latasak irabazi zuen, ordu bat, 55 minutu eta 53 segundoko denborarekin.

Latasa eta Luxia aizkolarien arteko apustua iragarri zuen afixa.
Latasa eta Luxia aizkolarien arteko apustua iragarri zuen afixa. (San Sebastián: Izarra | Wikimedia Commons)

Duela 66 urte Donostiako Txofreko zezen plazak Latasa (Ramon Latasa) eta Luxiaren (Jose Narbaiza) arteko aizkora apustua handia hartu zuen, 1959ko apirilaren 26an, 500.000 pezeta jokatuta.

110 ontzako bi enbor eta hamalau kanaerdiko ebaki zituzten, kanaerdikoak laguntzaileekin eta enbor handiak laguntzailerik gabe. Horrela, 17.890 ikusle elkartu zituzten sarrerak merkeak ez baziren ere: 125 pezeta aurreko jarlekuetan eta 25 pezeta harmailen goialdean. Ordu bat, 55 minutu eta 53 segundoko denborarekin, Ramon Latasa izan zen irabazle.

Apustua 1958ko abuztuan itxi zuten bi aizkolariek. Hasieran 500.000 pezetak Luxiaren alde zeuden, 1950eko hamarkadako aizkolaririk hoberena zelako eta uste zelako Latasa baino hobekiago moldatuko zela enbor handietan.

Hala ere, lan erdiak minutu bat eta 18 segundo lehenago egin zituen Ramon Latasak Luxiak baino. Luxia enbor handira pasatu zenean aldea are gehiago handitu zen eta oxigeno faltarekin eta guzti amaitu zuen aizkolariak. Azkenean, ordu bat, 55 minutu eta 53 segundo behar izan zituen Latasak proba amaitzeko; Luxiak, berriz, bi ordu eta 47 segundo; lehenbizikoak 3.830 aizkora-ukaldi jo zituen, eta 4.038 bigarrenak.