GAUR8

Ehun kultura-jarduera baino gehiago izango dira Bilboko auzoetan udaberrian

Musika, dantza, magia edota antzerkia dira, besteak beste, Bilbon udaberrian zabalduko den programazioaren diziplina protagonistak. Bilboko auzoetan izango dira emanaldiak hurrengo asteetan, eta doakoak dira gehienak.

Dantza izango da programazioaren osagaietako bat. Irudian, ‘Dantza alfonbra gorrian’ ekimena Bilbon.
Dantza izango da programazioaren osagaietako bat. Irudian, ‘Dantza alfonbra gorrian’ ekimena Bilbon. (Oskar MATXIN | FOKU)

Udaberrian ehun kultura-jarduera baino gehiago izango dira Bilboko auzoetan: dantza, clown, kale-antzerkia, magia, musika eta euskal folklorea... Doakoak dira «gehienak» eta jende guztiarentzat eskuragarri, jakinarazi du Udalak.

Ikuskizunak Bilboko barruti guztietara iritsiko dira maiatzean eta ekainean zehar ‘Udaberriko Bertso Saioak’, ‘Magiaren Topaketak’, ‘Musikauzo’, ‘Bilboko Dantzaguneak Kalera’, ‘Santutxu Kolorea’, ‘Clown Zorrotza’, ‘Dantza Plazetan’ eta ‘Ibaiondo Dantzan’ programei esker.

Horrez gain, «aire zabaleko hitzordu» hauekin batera, Bertendona Institutua eszenatoki izango duen ‘Musika Dibertigarria da’ eta Barrutietako Udal Etxeetan programazio ibiltaria izango duen ‘Bilboko Zirkuitua’ programek ere jarduera sorta bat zabalduko dute datozen asteetan, uda hasi arte, orduan hasiko baita ‘Bilboko Kalealdia’ jaialdia.

Musika estilo ezberdinak

Musika eskaintzari dagokionez, maiatzaren 11tik ekainaren 28ra bitartean ‘Musikauzo’ iritsiko da barruti guztietara. Ekimenaren barruan, «estilo askotako» musikariek kontzertuak eta kalejirak eskainiko dituzte, «herritarrei bertako taldeen musika-proiektuak erakusteko eta zuzeneko musika bultzatzeko». Guztira, 37 emanaldi daude programatuta.

Bestalde, ‘Musika dibertigarria da/La música me diverterte’ saioak ostiraletan, maiatzak 2, 9, 16, 23 eta 30ean, eta ostegunean, hilak 15, kontzertu didaktikoak eskainiko ditu Bertendona Institutuan, sei konpainia eta artistaren eskutik.

Arte eszenikoen espezialitatean, ‘Bilboko zirkuitua’-k Banarte Antzerki Taldearen (‘Cuenta atrás’) ikuskizunak izango ditu Begoñako Udaltegian maiatzaren 8an eta BACeko Companyiaren (‘Lear: entre la vida y la muerte’) ikuskizunak maiatzaren 15ean Errekaldeko Udaltegian.

Gainera, maiatzaren 2tik 31ra arte, ‘Magiaren Topaketak’ itzuliko dira, hamaika emanaldirekin. Ohiko egoitzetan, Otxarkoagako Udal Zentroan eta Txurdinagako Garai Lorategiak plazan egingo dira, eta programazioak bi erabateko estreinaldi izango ditu: ‘Kartak eta karta-sortak, tresna magiko erabilienak’ erakusketa (maiatzaren 2tik 31ra) eta ‘Karten eta misterioen artean, bidaia kartomagiko bat’ hitzaldia/ikuskizuna (maiatzaren 15ean).

Bestalde, Azokako Parkeak ‘Clown Zorrotza’-ren edizio berri bat hartuko du, maiatzaren 9tik 11ra doako bost emanaldirekin.

Dantza zaleen kasuan, ‘Bilboko dantzaguneak kalera’ Abandoibarran egingo da, Ingelesen Zelaian, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, hainbat diziplina eta estilotako emanaldiekin. Programa honen helburua dantza eta ballet akademien lana jendearen artean zabaltzea da.

Dantza garaikidea sustatzeko ‘Ibaiondo dantzan’ programak sei dantza-konpainiaren proposamenak eramango ditu ekainaren 20 eta 21ean Gernikako Lorategi Plazako Miribilla auzora.

Santutxun, bestalde, ‘Udaberriko bertso saioak’ izango dira maiatzaren 10, 17, 24 eta 30ean, 14 bertsolarirekin, tartean Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Oihana Bartra edo Amets Arzallus. Lehenengo hiru egunetan programatutako emanaldiez gain, maiatzaren 30ean bertso poteoa izango da Karmelo plazako kaleetan zehar. Horregatik