GAUR8

Buruko osasun arazoa duten pertsonak babesteko neurri juridikoak, aztergai Zarautzen

Osasun mentaleko arazoa duten pertsonen eskubide juridikoak aztertuko ditu Agifes elkarteak antolatutako hitzaldi batek Zarautzen. Indarrean dagoen legediaren aplikazioa eta eskuragarri dituzten babes-neurriak azalduko ditu Esther Ezponda adituak.

Hitzaldia iragartzen duen kartela, irudian.
Hitzaldia iragartzen duen kartela, irudian. (Agifes)

Agifes osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak pertsonen babes juridikorako har daitezkeen neurriak aztertuko ditu solasaldi batean Zarautzen. San Frantzisko kaleko Antoniano Aretoan izango da hitzaldia, maiatzaren 8an, 18.00etatik aurrera.

Esther Ezponda abokatua eta Agifeseko zuzendaritza-batzordeko kideak emango du hitzaldia, eta indarrean dagoen araudiaren aplikazioaz hitz egingo du.

Ekainaren 2ko 8/2021 legea izango dute aztergai, zehaztu dutenez. «Arau honen bidez legeria zibila eta prozesala erreformatzen da –azaldu dute– desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko». «Funtsean, arau horrek desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza juridikoaren sistema nola aldatu duen azalduko du adituak», argitu du.

«Jada ez da hitz egiten pertsonak epaitzeaz, baizik eta pertsona bakoitzari behar dituen laguntza espezifikoak emateaz», adierazi du Ezpondak. Izan ere, kolektiboarentzat eskuragarri dauden babes-neurriak aipatuko ditu, «hala nola prebentzio-botereak, pertsona bati beste bat izendatzeko aukera ematen diotenak, bere borondatea adierazteko gaitasuna galduz gero bere interesak ordezkatu eta defenda ditzan».