GAUR8

‘Emakumeak, kirola eta osasuna’ jardunaldia egingo dute maiatzaren 9an Hondarribian

Kirolak osasun fisikoan eta psikologikoan duen eragin positiboa eta emakumeek ariketa fisikoa praktikatzeko orduan oraindik aurkitzen dituzten eragozpenak eta oztopoak aztertuko dituzte Hondarribian, maiatzaren 9ako jardunaldian. Adituen iritziak bilduko ditu.

Emakume bat kirola egiten pandemiaren garaian.
Emakume bat kirola egiten pandemiaren garaian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hondarribiko Udalak ‘Emakumeak, kirola eta osasuna’ izenburuko jardunaldia antolatu du Itsas-etxean maiatzaren 9rako, emakumeen, kirolaren eta osasunaren arteko erlazioaz hausnartzeko.

Osasun, psikologia eta kirol arloetako adituak bilduko ditu , bai eta jardunean dauden hainbat atleta ere. Kirol jarduerak emakumeen ongizate fisiko, emozional eta mentalean modu espezifikoan eta positiboan nola eragiten duen aztertuko dute solasaldian, azaldu dute antolatzaileek.

Emakumeek kirol arloan dituzten eragozpen eta oztopoei buruzko gogoeta horren barruan agerian jarriko da kirola ez dela soilik emakumeentzako ahalduntze tresna bat, baizik eta euren osasun integrala hobetzeko funtsezko bide bat ere.

Ildo horretan, Hondarribiko Udalaren arabera, azken urteotan emakumeek kirolerako duten aukerak hobera egin badu ere, «oraindik erronka handiak daude aukera berdintasunari, ordezkaritzari eta baliabideei dagokienez».

Jardunaldiak desberdintasun horiek ikusarazi nahi ditu, eta, aldi berean, kirolak emakumeen osasun fisiko eta mentalerako dituen «onura eztabaidaezinak» nabarmendu ere, kirol jarduera emakumeen berezko ezaugarrietara eta ezaugarri berdingabeetara egokitzeko beharra azpimarratuz.

Sarrera doakoa eta librea da baimendutako gehieneko edukiera bete arte. Familia kontziliazioa errazteko, Hondarribiko Udalak haurrak zaintzeko doako zerbitzua jarriko du. Erabili ahal izateko beharrezkoa da aldez aurretik kirolak@hondarribia.eus helbide elektronikora idaztea eta izena ematea, datu pertsonalak, NAN, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa adieraziz, bai eta haurren datuak, adinak, behar medikoak edota alergia edo intolerantziak dituen zehaztu ere.