GAUR8

Gazteek pantailekiko duten mendekotasunari buruzko ziklo bat antolatu du Jakiundek Donostian

Maiatzaren 6a eta 20a bitartean gazteen pantailekiko mendekotasuna aztertuko duen zikloa izango da Donostian, Jakiundek antolatuta. Hainbat adituren parte hartzea izango du hitzorduak, prebentzioan eta tratamenduetan sakontzeko, baita zibersegurtasunerako oinarrizko arauetan ere.

Pantailekiko adikzioaren ertz ezberidnak aztertuko dituzte Jakiundek antolatutako zikloan.
Pantailekiko adikzioaren ertz ezberidnak aztertuko dituzte Jakiundek antolatutako zikloan. (Guillaume FAUVEAU)

Jakiunde Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiak gazteek pantailekiko duten mendekotasunari buruzko zikloa antolatu du maiatzerako Donostiako Aquariumean.

Zikloa  maiatzaren 6, 13 eta 20an izango da, arratsaldeko zazpietan, ‘Sare sozialen eta interneten abusua: gazteen osasun mentalerako erronka’ titulupean.

Jakiundek azaldu du ohar batean adikzio horren «egungo errealitatea» eta «ondorioak» aztertuko direla. Era berean, «bai maila terapeutikoan bai prebentzioan gaur egun dauden proposamenak» azalduko dituzte zikloan, eta «gazteek eta nerabeek hartu behar dituzten autobabeserako neurriak» jarriko dira mahai gainean.

Saioetan psikologian, psikiatrian eta adikzioetan aditu diren Enrique Echeburua, Francisco Ferre, Juan Manuel Machimbarrena eta Helena Matute adituen ikuspegi klinikoa entzun ahal izango da, eta ’Altxa Burua Gipuzkoa’ teknologia behar bezala erabiltzea sustatu nahi duten gurasoen begirada ere, Miren Ros ordezkariaren eskutik.

Zikloa maiatzaren 6an hasiko da, Enrique Echeburua Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) psikologia klinikoko katedradun emeritu eta Jakiundeko akademikoak emandako hitzaldi batekin. Gazteen eta nerabeen sare sozialen erabilera eta abusua eta horrek osasun mentalean duen eragina aztertuko ditu.Echeburuak errealitate horren ondorio psikologikoak aztertuko ditu. 

Dauden tratamenduak

Maiatzaren 13an, gazte eta nerabeen artean pantailekiko eta sare sozialekiko mendekotasuna tratatzeko gaur egun dauden tratamenduetara bideratuko da hitzaldia. Oraingo honetan, Francisco Ferre Helduen Psikiatria Zerbitzuko buruak eta Madrilgo Gregorio Marañon Unibertsitate Ospitale Orokorreko Psikiatria eta Osasun Mentaleko Institutuko zuzendarikide eta AdCom (portaera-adikzioak) programaren arduradunak emango du.

Ferrek Gregorio Marañóon Unibertsitate Ospitalean diseinatutako programa hau zertan datzan azalduko du, orain arte lortutako emaitzak partekatuko ditu eta etorkizuneko erronkak zein diren azalduko du.

Azkenik, maiatzaren 20an, prebentzioari buruzko mahai-inguru bat egingo da, familiek pantailen erabilera egokian izan dezaketen zeregin aktiboa aztertzeko.

Babesteko arauak

Gazteek eta nerabeek beren intimitatea babesteko eta telefono mugikorren erabilera desegokia saihesteko eskuratu behar dituzten zibersegurtasuneko oinarrizko arauak ere partekatuko dira.

Solasaldi honetan Juan Manuel Machimbarrena UPV/EHUko Psikologia Kliniko eta Osasun Saileko irakasleak eta Miren Ros Gipuzkoako Altxa Burua kolektiboko ordezkariak hartuko dute parte. Mahai-ingurua Helena Matute Deustuko Unibertsitateko Psikologia Esperimentaleko katedradunak moderatuko du.