GAUR8

Lanbide Heziketak 65.710 plaza eskainiko ditu EAEn 160tik gora titulaziotan

Hurrengo ikasturtean, 2.900 plaza gehiago eskainiko ditu Lanbide Heziketak (LH) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2.000 baino gehiago ikastetxe publikotan. Gaur egun 50.000tik gora lagun daude ikasten LHn, eta Hasierako Lanbide Heziketarako Matrikulazioak %41,5 egin du gora.

Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburua, joskintza tailer batean Barakaldon.
Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburua, joskintza tailer batean Barakaldon. (IREKIA)

Lanbide Heziketak 65.710 plaza eskainiko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2025-2026 ikasturtean, aurreko ikasturtean baino 2.900 gehiago, 160 titulazio baino gehiagotan eta 184 ikastetxetan. Aurrematrikula egiteko epea maiatzaren 5etik 23ra egongo da zabalik.

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, datorren ikasturtean Lanbide Heziketako eredu berria indartuko da, prestakuntza dual gehiagorekin, modulu berriekin, graduen araberako egitura eta enplegagarritasunerako orientazio handiagoarekin.

Gaur egun 50.000 pertsona baino gehiago ari dira ikasten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketaren sarean, eta, azken hamarkadan bakarrik, Hasierako Lanbide Heziketako matrikulazioak %41,5 egin du gora. Horrela, eskaera gero eta handiagoari erantzuteko eta sarbide zabalagoa eta malguagoa izateko, datorren ikasturterako eskaintza 65.710 plazaraino zabaldu da.

Lanbide Heziketak 160 titulazio baino gehiago eskaintzen ditu EAEn, eta ikasturte berrian 2.920 plaza gehiago izango dira. Informatika eta komunikazioetan 490 gehiago dira, Elektrizitate eta elektronikan 335 gehiago, Osasungintzan 275 gehiago, Fabrikazio mekanikoan 230 gehiago eta Administrazio eta kudeaketan, 210 gehiago.

Era berean, Instalatze eta mantentze lanetan 175 plaza gehiago dira, Kimikan 175 gehiago, Merkataritza eta marketinean 160 gehiago, Gizarte eta kultur zerbitzuetan 155 gehiago, eta Garraioa eta ibilgailuen mantentze lanetan, 155 gehiago.

Sortutako plaza berri guztietatik, 2.015 ikastetxe publikoei dagozkie, eta 905 itunpeko ikastetxeei. Lanbide Heziketan matrikulatuta daudenen %57,8 sare publikoan ari dira.

Langabetuentzako plazak

2025-2026 ikasturtean C graduak edo ziurtagiri profesionalak eta ibilbide integratuak (Oinarrizko eta Erdi Mailako gradua zentro berean) egiteko aukera irekiko da berriro.

C graduak lanean edo langabezian dauden langileei eskaintzen zaizkien ikasketak dira. Lanbide Heziketako eskaintza modular malguaren parte izanik, C graduen ezaugarria da ikasleak titulu bateko moduluetako batzuetan soilik matrikulatzen direla (ez titulu bateko modulu guztietan), eta amaitzean, ziurtagiri profesional bat lortzen dutela.

Ikasle horiek eskaintza modular malguaren bidez egiten eta gainditzen duten guztia metatu egin daiteke, titulu bat lortu arte (titulua osatzen duten modulu guztiak osatzen dituztenean), azken helburua hori badute.

Bestalde, ibilbide integratuen helburua da Lanbide Heziketako oinarrizko maila hasten duen pertsona batek erdi mailako ikasketak egiten jarraitu ahal izatea oinarrizko maila amaitzean ikastetxe berean. Horregatik, lau ikasturteko ibilbidea da (bi oinarrizko mailakoak eta bi erdi mailakoak).

EAEn Lanbide Heziketako ikasketak egiteko aurrematrikula prozesua maiatzaren 5etik 23ra egongo da zabalik. Ikasleek sarean aurkeztu ahal izango dute eskabidea Hezkuntza Sailaren webgunean, baita Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan edo Zuzenean zerbitzuaren bidez.

Ikaskuntza birtualak eta digitalizatuak

BirtLH Ikaskuntza Birtualak eta Digitalizatuak zentroaren bidez urrutitik egin daitezkeen heziketa zikloei ere aplikatzen zaie aurrematrikularako epe hori. Arlo honetan, gainera, datorren ikasturterako eskaintza 12 ziklotik 15era igo da.

Prestakuntza eskaintza indartzeaz eta eskaria handitzeaz gain, Lanbide Heziketak talentua, berrikuntza eta gizarte kohesioa sustatzeko duen zeregina sendotzen du.