Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Bihotzaren antza

Kamisoi urdin bat zuen, motots bana zinta urdinarekin lotuta buruaren alde banatan, eskailera berde baten gainera igo eta lotarako koloretako txapela bat zuen ilargi irribarretsu baten ondoan kantatzen zuen. Neska hori izan nahi nuen nik, neska hori izaten saiatzen nintzen egunero gurasoen etxeko egongelan.

«Egia da Euskal Herriak zerutik begiratuta bihotzaren antza duela? Izar batera igo eta handik ikustea gustatuko litzaidake». Horixe zen introa, protagonista on baten gisa, etxekoak isilarazi eta hori ere esaten nuen, noski. Momentuan ez nuen ulertuko, Euskal Herriaren erreferentziak baino bihotzarenak harrapatuko ninduen ziur asko, baina uste dut gorputzeko atalen batean gorde eta tarteka oihartzun egiten dizuten esaldi horietako bat dela, hara eta hona eraman dudana bizitza osoan.

Atzean ikurrin bat zuen -horretaz ez nintzen oroitzen berriro bideoa ikusi dudan arte-, eta izar aurpegia zuten dantzariak zituen ondoan -hauek ere ez nituen memorian, gerora ikasi dut, bazterretara begiratuta-.

Bat, bi eta hiru, musika sartu eta koreografia hasi: besoak ezker-eskuin. Kantuaren letra bai, hori gogoan nuen: «Ilargian kulunka denok kantari, keinuka lotan dagoen guztiari, egunsentian kukulumusuak, eguzkiarekin batera, argituko dugu Euskadi».

1997ko ikuskizuna da, Tantaka Yotanka -urteak ere harritu nau, baina gure amak esaten du inoiz zerbaiten fana izan banaiz, Takolo, Pirritx, Porrotx eta Marimototsena izan naizela, eta pentsatzen dut jaio nintzen urteko emanaldiak gerora ere behin eta berriro performatuko nituela-. Bestelako Euskal Herri bat argitzeko bidea marraztu digute urteetan zehar: baserriko bizitza gerturatu digute, Kintxo Barrilete ezagutarazi, herrietako festen auzolana erakutsi, familia milakoloreak aurkeztu, herri ijitoari maite zaitut esan, pirata ausartei lekua egin, amalurra maitatu, bizipoza zabaldu... Sentitu, pentsatu, ekin!

Gogoratzen dut bi aste lehenago kiroldegian ilara egin izana sarrerak eskuratzeko, eta «hamalau lo» urduri igaro ondoren sentitutako poza, kiroldegian lurrean esertzeko jarritako alfonbren gainean. Pista eta harmaila bereizi gabe, une batez ume bakoitzaren zirkunstantziak atean utzi, eta guztiak berdintzen gintuen horrek, ondoreneko muxuak ere guztiontzat ziren eskuragarri.

Behin baino gehiagotan azaldu dute protagonistek herri mugimendutik jaio, eta herri mugimenduan dabiltzala, Euskal Herriko ume, guraso eta gazteentzat lan egiten dutela. Eta sarritan, beraiek elkartu dute herri hau, kiroldegiko pista barruan zein kanpoan. Txostenetatik harago doa Katxiporretakoen herrigintza, beste behin ere. Eta halaxe, beraiek transmititutako baloreekin, atzean auzolan erraldoia duen festa antolatu dute gaurkoan BECen.

Lankide batek pasa den astean gogorarazi zidan ez garela oso abilak aitortzak hil aurretik egiten. Eta esango nuke lagunekin ospatzeko festa bat baino ezer hoberik ez dagoela. Horregatik, eskerrik asko gure performanceak ahalbidetu dituzten guraso eta zaintzaile guztiei, baita larunbat honetan Barakaldon dauden eta urte osoan horretarako lanean ibili diren parte hartzaile eta antolatzaile guztiei ere.

Eskerrik asko Pirritx, Porrotx eta Mari Motots. Eta eskerrik asko Aiora, Joxe Mari eta Mertxe, zapata handien barruan, bihotz erraldoiak daudelako. Argituko dugu Euskal Herria, maite zaituztegu! •