Amaia Ereñaga

Duela 110 urte urperatu zuten ‘RMS Lusitania’ transatlantikoa

1915eko maiatzaren 7an, Irlandako kostaldearen aurrean, itsaspeko alemaniar batek ‘RMS_Lusitania’ britainiar transatlantikoa hondoratu zuen. 1.198 hildako egon ziren, horietatik 128 estatubatuarrak. AEBk Lehen Mundu Gerran sar zedin antolatutako gertaera izan al zen? Hori diote teoria batzuek.

‘Lusitania’ trasatlantikoaren uretaratzea, 1906ko ekainaren 7an.
‘Lusitania’ trasatlantikoaren uretaratzea, 1906ko ekainaren 7an. (J. Kent Layton Collection | MaritimeQuest)

Gaur 110 urte bete dira ‘RMS_Lusitania’ britainiar transatlantikoa hondoratu zutenetik. Historiaren norabidea aldatu zuen gertaera bat izan zen, Lehen Mundu Gerrako indarren orekak aldatu zituelako; ordura arte neutral mantendu ziren AEBk gerran sartzera bultzarazi zuen, eta Entente Hirukoitzarentzat ere erreklutamenduaren ikur bilakatu zen.

Leonard Peskett ontzi arkitektoak diseinatu eta Eskoziako Clydebank hiriko John Brown & Company ontziolan eraikitako transatlantikoa izan zen RMS Lusitania. 1907-1911 artean ‘RMS Mauretania’ transatlantikoarekin batera munduko ontzi handienak izan ziren, White Star Line ontzi konpainiak ‘RMS Olympic’ (1911) eta ‘RMS Titanic’ (1912) trasatlantikoak itsasoratu zituen arte.

1915eko maiatzaren 7 hartan, Irlandako Old Head of Kinsale lurmuturraren parean, ‘SM U-20 U-Bootak’ New York-Liverpool ibilbidearen amaieran zegoen ‘Lusitania’ ontzia identifikatu eta torpedeatu zuen, ondorioz bertan zihoazen 1.959 bidaiarietatik 1.198 hil ziren.

Itsasontzi bat hondoratzeko asmoa prentsan iragartzea zentzugabekeria iruditu dakiguke, baina 1915eko apirilaren 23an (‘Lusitania’ New Yorketik abiatu baino lehentxeago), AEBetako Alemaniako enbaxadak estatubatuar egunkarietan publizitate bat jarri zuen, honako hau zioena: «Bandera britainiarra edo bere edozein aliaturena daramatzaten itsasontziak suntsitu egingo ditugu».

Handik gutxira, itsaspeko aleman batek garaiko transatlantiko erraldoi eta luxuzkoena hondoratu zuen. 20 minutuetan milatik gorako hildako eragin zituen, guztiak zibilak. Estatubatuar hedabideek bertan hildako estatubatuarren heriotzak nabarmendu zituzten, giro politikoa berotu zuten erabat. Alemaniar haurrei ‘Lusitaniaren’ hondoratzea ospatzeko jai egun bat eman zitzaiela esatera iritsi ziren.