GAUR8

Duela hiru urte hil zen Ugutz Robles-Arangiz

Hiru urte dira Ugutz Robles-Arangiz zendu zenetik. Kulturgintzan erreferente izanagatik da ezaguna eta 83 urte zituela hil zen, Beskoitzen.

Ugutz Robles-Arangiz, 2016an.
Ugutz Robles-Arangiz, 2016an. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Gaur bete dira hiru urte Ugutz Robles-Arangiz Bernaola antzezle, umoregile, dantzari eta musikaria zendu zenetik. Kulturgintzari egindako ekarpenagatik ezaguna, Euskal Kantagintza Berriaren parte ere izan zen, Soroak laukoteko kide zelarik. Beskoitzen hil zen 2022ko maiatzaren 12an, iktus baten ondorioz.

Bidarten jaio zen 1939ko urtarrilaren 10ean eta Beskoitzen bizi izan zen umetan. 1952an familia osoa Bilbora joan zen, aitaren sorterrira eta bertan bere artezaletasuna lantzen hasi zen, geroago egin zuen bezala, hainbat esparru jorratuz: marrazketa ikasi zuen ‘Artes y Oficios’ eskolan; antzerkian aritu zen Txinpartak taldean egun Euskaltzaindiaren egoitza den lekuan Gabriel Aresti, Alfontso Irigoien, Xabier Peña eta beste batzuekin; dantza ere landu zuen Olaeta taldean; eta kantuan Soroak laukoarekin, non lehen tenor aritu zen.

1960an arrazoi politikoengatik bi anaia zaharrenak atxilotu zituzten eta Beskoitzera itzuli behar izan zuen Iker anaiarekin. Elkarrekin Beskoiztarrak antzerki taldea sortu zuten herriko gazteekin eta lehen urtean ‘Sorginak Etxaburun’ lana eman zuten. Lan handia egin zuen artearen munduan, baita abertzaletasunaren alde ere.

1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetan hainbat jai eta ekitalditan ibili izan zen txiste kontalari, aurkezle, umorista eta abar, bere kultura ezaguera zabalen laguntzaz. ETBko Goraintzi saioan ere aritu zen.

Ostalari gisa ere ibili zen lanean, Beskoitzen, Ama-Lur jatetxean.

2022ko maiatzaren 12an hil zen, iktus bat izan ondoren.