GAUR8

Gaur 85 urte hil zen Emma Goldman ekintzaile anarkista eta feminista

Duela 85 urte hil zen Emma Goldman, lituaniar jatorriko ekintzaile anarkista eta feminista. Propagandista, hizlari eta idazle gisa egindako lanagatik ezagun, ikono bilakatu da XX. Mendeaz geroztik.

Emma Goldman, 1915ean.
Emma Goldman, 1915ean. (WIKIMEDIA COMMONS)

85 urte bete dira gaur Emma Goldman ekintzaile anarkista eta feminista lituaniarra hil zenetik. Kaunasen jaio zen, Lituanian, artean Errusiar Inperioaren parte zen hirian, 1869ko ekainaren 27an. 16 urterekin migratu zuen New Yorkera ahizparekin eta bertan bizi izan zen bitartean ehun-fabrika batean egin zuen lan. Hain zuzen, bertan ezagutu zuen senarra.

Haymarket matxinadaren ondorioz piztu zitzaion anarkismoarekiko interesa eta kolektibo anarkista batera batu zen. Bertan ezagutu zuen Alexander Berkman, gerora bikote izango zuena, eta hark inspiratu zuen propagandista, hizlari eta idazle gisa garatu zedin. Besteak beste, 1893an hainbat grebalari hil zituen Henry Clay Frick enpresaria hiltzeko ahaleginean parte hartu zuen.

Sexu-askatasuna, preserbatiboen erabilera zabaltzea eta banatzea, pentsamendu feminista zein anarkista zabaltzea eta antzeko jarduerak burutzeagatik arazoak izan zituen Estatu Batuetako gobernuarekin eta, ondorioz, kartzelan egon zen hainbat alditan.

Azkenean, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera erbesteratu zen 1919an. Bi urtez bertan bizi izan zen, eta ondoren Frantzian, Erresuma Batuan eta, azkenik, Kanadan. Bertan idatzi zituen bere autobiografia eta hainbat lan. Azken herrialde horretan bizi zen bitartean, 36ko gerran espainiar anarkosindikalistei laguntzeko bidaiatu zuen.

Anarkismoaren historialari batzuen ustez, propaganda-papera funtsezkoa izan zen anarkokomunismoa Ipar Amerikan eta Europaren zati batean ezagutarazteko, bereziki XX. mendeko lehen bi hamarkadetan, Goldmanen artikulu, manifestu eta mitinen bidez. Emakumearen emantzipazioaren aldeko mugimenduaren figuratzat ere hartu izan da, nahiz eta mugimenduari hainbat kritika egin zizkion. Goldmanek ikono estatusa lortu zuen XX. mendeko 70eko hamarkadan, anarkismoaren eta feminismoaren ikertzaileek bere bizitzari buruzko interesa agertu zutenean.

1940ko maiatzaren 14an hil zen, 70 urte zituela, bere bizitzaren amaieran bizileku izan zuen Toronton.