GAUR8

Horacio Guarany abeslari argentinarra duela mende bat jaio zen

Gaurko egunez jaio zen Horacio Guarany abeslari argentinarra. 100 urte beteko lituzke Argentinako historiako folklore abeslari garrantzitsuenak.

Horacio Guarany, adiskidez inguratuta.
Horacio Guarany, adiskidez inguratuta. (WIKIMEDIA COMMONS)

Ehun urte beteko lituzke gaur Horacio Guarany abeslari argentinarrak. Konpositore eta idazleak 1985ean irabazi zuen Platinozko Konex Saria, Argentinako historiako folklore abeslari garrantzitsuena izan baitzen.

Las Garzas herrian jaio zen 1925eko maiatzaren 15ean, Eraclio Catalin Rodriguez, Horacio Guarany izen artistikoaz ezagun egin zena. Aita indigena zuen eta ama espainiar etorkina. Santa Fe hirian eman zuen haurtzaroa eta Santiago Aicardi maisuarekin gitarra jotzen ikasi zuen. 1943an Buenos Airesera aldatu zen eta ostatu batean bizi zen artean La Boca auzoan abesten zuen.

Herminio Gimenezen orkestrarekin jotzen hasi zen eta 1957an debutatu zuen irratian, lehen aldiz bere bertsio bat publiko zabalari eskainita. 1961ean Cosquineko Jaialdi Nazionalaren aitzindaria izan zen, eta klasiko bilakatu zen jaialdian, urtez urte ‘Guitarra de medianoche’, ‘Milonga para mi perro’, ‘La guerrillera’, ‘No se por que piensas tu’, ‘Regalito’ edo ‘Si se calla el cantor’ bezalako abestiak joz.

Musikari izateaz gain, politikan ere ibili zen. Izan ere, Juan Domingo Peron kargugabetu ostean, Alderdi Komunistan afiliatu zen eta bere militantzia politikoak hainbat arazo ekarri zizkion ondorengo agintariekin. Gainera, 1974an Triple A (Alianza Anticomunista Argentina) talde parapolizialak hiltzeko mehatxua egin zion eta bonba atentatu batzuk pairatu zituen. Horrek erbestera bultzatu zuen.

Argentinako diktadura militarrak bere disko guztiak desagerrarazi zituen eta hainbat abesti zentsuratu. 1978ko abenduan itzuli zen Argentinara eta hilabete beranduago bonba bat jarri zioten etxean. Hala ere, herrialdean geratzea erabaki zuen.

Diktadura bukatutakoan berriz ere telebistan emanaldiak eskaintzen hasi zen eta 1989an Carlos Saul Menem presidentearen hautagaitzari babesa agertu zion, laguna baitzuen.

Aktore ere ibili zen, besteak beste, ‘Si se calla el cantor’, ‘La vuelta de Martin Fierro’ eta ‘El grito de la sangre’ pelikuletan.

2013an sari bat eman zion Argentinako Nazioaren Kongresuak eta hurrengo urtean Konex Lifetime Achievement Award saria jaso zuen.

2017ko urtarrilaren 13an hil zen, 91 urte zituela, Lujanen zuen etxean.