
Maiatzaren 19tik 21era, Pint of Science, tabernak zientziaz jantziko dituen jaialdia egingo dute Donostiako bost tabernatan, Lasarten (19), Errenterian (20) eta Irunen (21). Mila ekitaldi baino gehiago iragartzen ditu egitaruak 75 tokitan.
20-30 minutuko iraupena duten dibulgazio-hitzaldiak dira, bakarrizketak eta esperimentuak. «Ezagutza-arlo guztietako ikertzaileek eta zientzialariek beren lana partekatuko dute ohiko ez den giro batean», adierazi dute antolatzaileek.
Zehaztu dutenez, «Donostian, Pint of Science Donostiako bost tabernatan ospatuko da: Bidassoa Taproom, MalaGissona, Duit, Antonieta eta Albokan, baina gainera, 19an Buenetxean (Lasarte), 20an Kantina Lekuonan (Errenteria) eta 21ean Altzolan (Irun)». Guztira 49 hitzaldi zientifiko eskainiko dira, eta gaiei dagokienez, besteak beste, adimen artifiziala, iraunkortasuna, medikuntza edota ikaskuntza landuko dituzte.
Zientzialarien parte hartzearekin
Parte hartzen duten zientzialarien artean Iliana Quiñones neurobiologoa (BCBL eta Biogipuzkoa), Eneko Aguirre Hitz hizkuntza teknologia zentroko zuzendaria edota Iñaki Ordoñez astrofisikoa eta Aranzadi eta Iruñeko planetarioaren zuzendaria.
Zientzia eta teknologiarekiko interesa areagotzea helburu, hitzaldiak euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta zeina hizkuntzan eskaintzeko egindako ahalegina nabarmendu dute.
Antolatze lanetan dabiltzan Paula Vazquez Aristizabal, Aitor Manteca eta Nuria Alegretek ekimenaren xedea azpimarratu dute: «askotan pentsatzen dugu zientzia konplexua dela, baina agian ez digute ondo azaldu. Pint of Science berezia da, hizkuntza ulergarria erabiltzen dugulako eta tabernetan giro berezi, gertuko bat sortzen delako, entzuleei galderak egiteko aukera emanez eta guztiok zientzia konplexua modu errazean ikasteko».
Erresuma Batuan jaio zen ekimena 2013an. «Hasieran laborategian ospatu zuten, baina gero tabernetara eramatea erabaki zuten, jende gehiagorengana iristeko. Gaur egun, mundu osoan ospatzen da, 27 herrialdetan», oroitu dute.
Zehaztu dutenez, irabazi-asmorik gabeko elkartea da Pint of Sicence, Estatu espainiarrean aritzen da eta 600 boluntario baino gehiagoren parte hartzea du.
Programazio osoa ekimenaren webgunean dago eskuragarri.