GAUR8

Ziberjazarpenaren prebentzioari buruzko jardunaldia egingo du Mondragon Unibertsitateak Bilbon

Jazarpenaren eta ziberjazarpenaren prebentzioaren inguruko jardunaldia egingo du astelehenean (hilak19) Mondragon Unibertsitateak Bilbon. Bertan, gamifikazioaren estrategia landu duen ‘Ciberproxy’ proiektuaren emaitzak aurkeztuko dituzte.

Ziberjazarpenaren prebentzioaren ingruuan landutako proiektuaren emaitzak aurkeztuko dituzte.
Ziberjazarpenaren prebentzioaren ingruuan landutako proiektuaren emaitzak aurkeztuko dituzte. (Guillaume FAUVEAU)

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak jazarpenari eta ziberjazarpenari aurrea hartzeko jardunaldia antolatu du datorren astelehen arratsalderako (hilak 19) Bilbon.

Unibertsitatetik azaldu dutenez, jardunaldiaren helburua da jazarpena eta ziberjazarpena prebenitzea, gamifikazioaren bidez (jolasekoak ez diren jarduera ez-ludikoetan mekanikak eta elementuak aplikatzea, motibazioa eta konpromisoa areagotzeko) eta metaversoaren bidez.

Jazarpena prebenitzera bideratuta dagoen‘Ciberproxy’ proiektua itxiko dute jardunaldiarekin. Mondragon Unibertsitateak ere parte hartu du egitasmoan, eta izan dituen emaitzen berri emango da ekitaldian. 

Lau profil hartu dira kontuan: ikasleak, irakasleak, familiak eta agintariak (polizia). Proiektua egin bitartean, jazarpenaren prebentziorako eta tratamendurako beharrezkoak diren gaitasunen mapaketa egin da, bai hurbiltasunekoa, bai digitala (ziberjazarpena), eta gamifikazioa erabili da profil horietarako materiala garatzeko estrategia gisa.

Zehazki, profil guztietarako ‘escape rooms’ diseinatu da, eta errealitate birtualeko (edo metaversoko) esperientzia murgiltzaile bat pilotatu da. Era berean, jazarpen-kasuak kasu hipotetikoekin prebenitzeko eta tratatzeko beharrezkoak diren jarrerei eta gaitasunei buruz hausnartzeko aukera ematen du proiektuak.

Jardunaldia 17.15ean hasiko da, ‘Ciberproxy’ proiektuaren emaitzen aurkezpenarekin, Cristina Sanchez Romero UNEDeko ikertzailearen eskutik, eta 17.50etik 18.40ra ‘Nola aurre egin jazarpenari’ mahai-ingurua izango da Cristina Etxeandiaren (Berritzegune Nagusia) eta Elia Revueltaren (Uribarri BHI) eskutik.

Jardunaldia Bilbao AS Fabrik campusean izango da.