GAUR8

Miriam Garcia Pascual, txoriak bezala hegan egin nahi zuen mendizalea

26 urte zituen Indiako Meru Nord eskalatzen elur-jausi batek harrapatu eta hil zenean. Ordurako txapelketa bat irabazi, Yosemiteko hainbat lerro ospetsu igo, bidaia luze bat egin eta liburu bat idatzi zuen. Bere ametsa askea izatea zen, eta aske zela harrapatu zuen heriotzak.

Wikipediarako egindako ilustrazioa.
Wikipediarako egindako ilustrazioa. (Maitane AZURMENDI)

35 urte pasa dira, baina Miriam Garcia Pascual eskalatzailearen ingurukoek buruan dute oraindik 1990eko maiatzaren 25a, Tafallakoa bi kiderekin Himalayara joan eta bertatik ez zelako itzuli.

1963. urtean jaioa, laster hasi zen idazteko trebetasuna erakusten, eta poesiak zein beste testu batzuk idazten zituen lagunentzat. 14 urterekin Etxauriko paretetan eskalatzen hasi zen, eta beste pasio bat sortu zitzaion. Horretan benetan ona zen arren, bere etorkizuna ziurtatzeko ikastea erabaki zuen, eta Pedagogian lizentziatu zen 1986. urtean, Patoneseko Estatu espainoleko txapelketa irabazi zuen urtean. Hura izan zen bere lehen eta azken lehiaketa.

Lorpen horren ostean, bere lagun Mari Carmen Magdalena ’Coco’-rekin Kaliforniara abiatu zen, Yosemiteko El Capitan pareta mitikoa eskalatzeko intentzioarekin, ‘The Nose’ lerrotik. Hala, biek lerro hori eskalatzen zuen Estatuko emakumez osatutako lehen kordada izan zen. Bertan zegoela, kirol eskaladaren paradisuan, beste lerro batzuk eskalatzeko aprobetxatu zuen bertan zeuden lagunekin.

Ospea hartu zuen nafarrak eta hainbat erronkei aurre egin zien garai gozo haietan. ‘Al filo de lo imposible’ telebista saiorako dokumentala grabatu zuen, Terradets-en bakarkako igoerak egin zituen, Riglosen Bisera igo zuen, eta hurrengo urtean Estatu Batuetara itzuli zen bere palmaresa osatuko zuten ‘Zodiac’ eta ’Lunar eclipse’ lortuz.

1988an Jesus Buezo ‘Risi’rekin batera berriro itzuli zen Amerikara, Nafarroako Gobernuak finantziatutako bidai batean, Yosemite, Andeak eta Patagonia zeharkatuko zuena, eta bertan egin zuten guztia eguneroko batean erregistratu zuen, gerora ‘Eman izar bat’ (Desnivel, 1994) liburuan gorpuztuko zena. «Txori bai izateko, eta gero eta altuago hegan egiteko ilusioarekin bidaiatu nuen», idatzi zuen askatasuna goraipatzen duen testu horretan.

Risirekin eta Miguel Lausinekin Indiara joan zen 1990an, Meru Nord igotzera, ‘Desnivel’ argitaletxeari bere egunerokoa bidali ostean. Elur-jausi bat egon zen eta bertan hil ziren hiru mendizaleak. Miriam Garcia Pascualek 26 urte zituen.