GAUR8

Gaurko egunez jaio zen Maria Azeo, segalari aitzindaria

1930eko maiatzaren 29an jaio zen Zizurkilen Maria Azeo Ezkerra segalari aitzindaria. 1967an lehen apustua antolatu zion senarrak Oiartzunen, emakumeek jendaurreko kirol lehiaketetan parte hartzea ohikoa ez zenean.

Maria Azeo sega apostuan.
Maria Azeo sega apostuan. (WIKIMEDIA COMMONS)

Maria Asuncion Azeo Ezkerra emakume segalariak 95 urte beteko lituzke gaur. Gaurko egunez, 1930ean, jaio zen Zizurkilen. Azeoren kasua nabarmentzekoa da, 60ko hamarkadan sona handia izan baitzuen. 37 urte zituen oiartzuarrak eta lau seme-alabaren ama zen. Segalari bikaina zen eta hori jendaurrean erakusteko aukera izan zuen, beste emakume askok ez bezala. Senarrak antolatu zion lehen apustua, 1967ko ekainean.

Nonbait Larraza eta Olatzenekoa beren arteko apustua ixteko geratuak ziren Oiartzungo Toki Alai jatetxean eta Olatzenekoa berandutu egin zen. Eta Azeoren senarrak esan omen zuen bere emazteak hark bezainbeste egingo lukeela segan. Etxera bueltatu zen Maria Asuncioni esanez apustua antolatu ziola San Pedro egunez. Hilabete baino ez zuen entrenatzeko.

Antonio Larraza Urtizberea izan zuen parean, oiartzuarra hori ere. Hernaniko Jauregi baserrian jokatu zen apustua eta jendetza bildu zela kontatzen dute garaiko kronikek. Garaiko Federación Atletica Guipuzcoana beraren aktan dioenez, «el exito fue apoteosico. ¿Cuantos expectadores habia? ¿Diez mil? ¿Doce mil?».

Ikusmin handia zegoen, garai hartan apenas ikusten baitzen emakumerik jendaurrekoan herri kirolen munduan. Eta, gutxiago, lehian. Denak harrituta geratu omen ziren Azeo galtza luzeak jantzita agertu zenean, denak gonarekin joatea espero baitzuten.

Ordubetean gizonezkoak emakumezkoaren bikoitza moztuko ote zuen zen kontua. Bakoitzak 50.000 pezeta jokatu zituen. Amaieran, Larrazak 2.325 kilo ebaki zituen eta Azeok, berriz, 1.896. Aise irabazi zuen, beraz. Adituen esanetan, oso txukun aritzen zen segan Azeo eta garbi samar zegoen hasieratik irabazi egingo zuela.

Handik hilabete batzuetara beste apustu bat jokatu zuen Polipasorekin, garai guztietako segalari onentsuenarekin. Orion jarri zuten hitzordua urriaren hasieran. Azeo ez omen zen oso gustura aritu, osasunez makal samar omen zegoen-eta egun hartan. Baina, hala ere, irabazi egin zuen. Orduan ere Polipasok Azeoren bikoitza ebaki behar zuen irabazteko. Ez zuen lortu, Polipasok 2.193 kilo ebaki zituen, eta Azeok, 1.652.