GAUR8

Gaur 20 urte hil zen Juan San Martin ikerlari polifazetikoa

2005eko maiatzaren 30ean Juan San Martin idazle eibartarra hil zen 83 urte betetzeko bizpahiru aste baino falta ez zitzaizkionean. Gizon polifazetikoa, euskaltzalea eta kultura sustatzaile handia izanik, lankide eta lagunek bere gizatasuna eta humanismoa nabarmendu zituzten.

Juan San Martin idazleak Chillida Lekun jaso zuen Eusko Ikaskuntza Saria 2004ko irailaren 8an.
Juan San Martin idazleak Chillida Lekun jaso zuen Eusko Ikaskuntza Saria 2004ko irailaren 8an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Juan San Martin idazle eibartarra gaixoaldi luze baten ondorioz hil zen 83 urte betetzera zihoanean, gaurko egun batez, 2005ean. Tornulari izatetik Ararteko izatera iritsi zen, kirolaria, historialaria, poeta, euskaltzaina, itzultzailea, etnologoa, arte kontuan aditua eta, ororen gainetik, euskaltzalea eta kultur sustatzailea izan zen.

San Martin autodidakta izan zen batez ere. Bere jakin-mina pizten zituen gaiak hain zabalak zirenez, unibertso propio bat sortu zuela esan daiteke. Eta, era berean, euskal kulturaren unibertsoaren mugak zabaldu zituen gerrako ume hark.

1936an gerra piztu zenean, aita, jatorri eta joera liberal ezkertiarrekoa, Valentziara joan zitzaien Errepublikarentzako armak egitera. Bizitza osoan eibartar sozialismo euskaltzale horretan kokatuko zuen bere burua Juanitok. Ama eta lau anai-arrebek alde egin zuten Eibartik, eta abentura ugari bizi izan zituzten. Itzuli zirenean, etxea txikituta zegoen.

Juanito tornulari lanetan hasi zen egunez, eta gauez eskolara. Soldadutzara ere joan behar izan zuen, lehenik Madrilera eta Burgosera gero. Euskaldunen aurkako mespretxuen aurrean, euskara ondo ikasteko gogoa sortu zitzaion. Irakurle sutsua zen ordurako, eta mendizale amorratua.

Lehenengo idazkiek mendia zuten hizpide. Mendizaletasunak beste zenbait arloetarako bideak zabaldu zizkion 1940-1950eko hamarkadetan San Martini, garai hartako gazte askori bezala. Mendi elkarte haiek askoz gehiago zirelako. Zaletasun hark –espeleologia bere pasioa baitzen–, Aranzadi elkartera eraman zuen. Joxemiel Barandiaranekin eta Julio Caro Barojarekin zenbait ikerketa egin zituen, antropologiari lotuta; eta honek etnografia lantzera eraman zuen.