Errefuxiatuei ateak itxi, eta afrikaner zuriei ireki dizkie Washingtonek
Donald Trumpen agintaldiak hasieratik izan duen konstanteetako bat izan da immigrazioaren aurka egitea, ia salbuespenik gabe. Horregatik, are esanguratsuagoa izan da hegoafrikar zuriei egindako ongietorria eta errefuxiatu izaera onartzea, gezurretako genozidio baten aitzakian.

Etxe Zuriak ateak itxi dizkie kanpotik sartu nahi dutenei, eta barruan dauden asko ere kanporatzen ari da. Ia salbuespenik gabeko politika izan da: Afganistanen Estatu Batuen alde lan egin dutenak, babes-estatusa zeukaten Amerika Erdialdeko biztanleak, eta umetan iritsi eta ia beste herrialderik ezagutu ez dutenak ere, orain arteko programetatik kanpo geratu dira eta deportatzeko mezuak jaso dituzte euretako askok. AEBetara etortzeko onarpena zuten 120.000 lagunek egun batetik bestera dena bertan behera geratzen zela ikusi zuten, batzuk dagoeneko erbestean zeudela.
Testuinguru horretan, oso gizatalde berezi bati egin dio harrera Etxe Zuriak. Maiatzaren hasieran, 59 afrikaner zuri zekartzan hegazkinak lur hartu zuen Washington hiriburuko Dulles aireportuan. Bertan, zeremonia berezi batekin egin zieten ongietorria. «Jakin ezazue hemen benetan ongi etorriak zaretela eta errespetatzen dugula azken urte hauetan bizi behar izan duzuena», adierazi zien Christopher Landau AEBetako Estatu idazkariordeak aireportuan bertan.
Etxe Zuriaren gezurretako argudioaren arabera, Hego Afrikan nekazari zurien aurkako «genozidioa» dago, eta horregatik abiarazi dute AEBetara ekartzeko programa. Horretarako, hiru baldintza jaso ditu Hego Afrikan Estatu Batuek duten enbaxadak: Hegoafrikar nazionalitatea izatea, etnikoki afrikanerra (edo beste arraza-gutxiengo batekoa, hau da, ez beltza), eta iraganeko jazarpen-esperientzia bat edo etorkizuneko jazarpenaren beldurra azaltzea.
Charl Klieinhaus nekazariak, esaterako, mehatxuak jaso zituela eta bere ondasunak kendu nahi zizkiotela argudiatu zien arduradun estatubatuarrei. Ez zuen salaketaren frogarik edo bestelako daturik eman behar izan.
Paradoxan sakontzeko, Klieinhausi berriki aurkitu zaizkion sare sozialetako mezu antisemitak daude. «Juduak ez dira fidatzekoak, arriskutsuak dira», idatzi zuen, eta eskuin muturreko bideo bat ere partekatu zuen «legez kanpoko etorkinei tiro egingo diegu» esanez. Geroztik, mezuak ezabatu ditu, baina Etxe Zuriaren joko bikoitza agerian uzten du: unibertsitateetan palestinarren aldeko ekintza orori antisemita deitzen diote -eta ikasle atzerritarren kasuan, bisa bertan behera uzteko motibo bihurtzen da-, baina eskuin muturreko benetako mezu antisemiten kasuan, arazorik gabe lortzen dute errefuxiatu estatusa. Are okerrago, Barne Segurtasuneko Sailak etorkinen sare sozialak behatu dituela iragarri berri du, eta antisemitismo arrastorik aurkitzekotan, immigrazio-eskaerak ukatzeko motibo bihurtuko dela dio.
Hego Afrikatik iritsitakoekin ere asilo-eskatzaile guztiekin izaten den behaketa zorrotza izan dela dio Etxe Zuriak. Errefuxiatuen prozesamenduak oso luze jotzen du AEBetan; hilabeteak, eta urteak ere izan daitezke.
Oraingo honetan berariaz azkartu dute prozesua. Errefuxiatuen Nazio Batuen Erakundeak parte hartzen du horrelakoetan gehienetan, eskaerak hala direla egiaztatzen. Afrikanerren kasuan, NBEren erakundeak ez du inolako rolik jokatu.
LUR GEHIENAK
Hego Afrikako Gobernuak urtarrilean onartutako lege batek lur-jabe handien sailen zati bat bereganatzea ahalbidetzen du, «justiziazkoa eta orekatua denean eta interes publikoa dagoenean». Hego Afrikarren ehuneko zazpi izan arren, nekazaritza-lurren ehuneko 72 zurien esku daude.
Legea indarrean sartu zenetik behin ere ez da gauzatu lurren desjabetze hori, eta hala ere, Washingtonek berehala ezarri zizkion zigorrak Hego Afrikari. Martxoan, herrialdeak Estatu Batuetan zeukan enbaxadorea kanporatu zuten. Giza-laguntzarako zeuzkaten milaka milioi dolar ere eten ditu Trumpen Gobernuak.
Horren ondorioz, HIV eta HIESerako programek sekulako astindua hartu dute Hego Afrikan. Zortzi milioi lagunek dute birusa herrialdean, bost herritarretatik batek.
Trumpek berak onartu du Washingtonen jarreraren atzean Elon Musk munduko gizon aberatsenaren presioa dagoela. Azken asteotan lehen lerrotik desagertu bada ere, Trumpen garaipenaren finantzatzaile nagusia izan zen kanpainan, eta presidentearen pare egon zen agintaldiaren hasieran (demokrata batek baino gehiagok «Musk presidentea» esan ohi zuen burla-haizez). Hegoafrikar jatorriko handikiak «zurien bazterketaren» ideia txertatu zuen Trumpen Administrazioan.
Duela hamar egun, Cyril Ramaphosa Hego Afrikako lehendakariari ongietorria egin zion Trumpek Etxe Zurian. Arrisku handia hartu zuen Ramaphosak, baina bazekien bere herrialdearen aurkako neurriek, laguntzak eteteak eta zerga-mugek kalte handia egingo zietela hegoafrikarrei.
Trumpek prest zeukan segada. Baina otsailaren amaieran Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri egindakoaren ostean, esan liteke Etxe Zurira doan edonork okerrenerako prest egon behar duela. Ramaphosak ere ondo zekien hori, eta negoziatzaile trebearen ospea on eginez, talde-lanean prestatu zuen bisita. Trumpek oso zabar jokatu zuen, genozidio-salaketak eginez, «orain zurien aurkako apartheid bat dago» esanez, eta «hil boer-a» (nekazari afrikanerra) oihukatzen zuen bideo bat jarri zuen kazetari guztien aurrean.
Oposizioko Julius Malema diputatuaren oihua zela gogora ekarri zuen. Trumpek ez zuen etsi, sarraskiei omen zegozkien argazkiak erakutsi zituen: gezurretakoak ziren, noski. Argazkietako bat Kongoko Errepublika Demokratikokoa zen, ez Hego Afrikakoa. Probokatzen hasita, «tamalez, ez daukat helikoptero bat zuri emateko» bota zion Ramaphosak, Trumpek nahi zuen lokatzetara behin ere jaitsi gabe.
Umil, taldean ekarri zituen gobernukide zuriei eman zien hitza, nekazaritzako ministroari kasu, genozidiorik ez zela gogorarazteko. Beste horrenbeste esan zuten taldean zetozen enpresari eta golf-jokalariek ere.
Ernie Elsen kasuan, Hego Afrikarekiko kritiko agertu zen, eta iragan arrazista agerian utzi zuen, Estatu Batuek «Angolako gerran» emandako laguntzagatik. Apartheidaren erregimenak jasotako laguntza, alegia. Baina iraganak iragan, denek Hego Afrika maite dutela eta genozidiorik ez dagoela erakutsi zuten, Trumpen propaganda-asmo oro goitik behera erauziz.