Gerra krimenak, bakearen «hiru arkitektoren» begiradapean
Carlos Martin Beristain ikertzaileak, Ana Cristina Navarro kazetari kolonbiarrak, eta Pili Zabala sekretu ofizialik gabeko memoriaren aldeko aktibistak Kazetarien Euskal Elkartea eta Ikastetxeak antolatu zuten «Bakea eta gerra krimenak» hitzaldian esku hartu zuten.

Izenburu hau aukeratu dugu, egungo gerra, desinformazio, informazioaren manipulazio eta propaganda testuinguru distopikoan bakean pentsatzera gonbidatzen gaituelako. Gerra hibrido batean murgilduta gaude. Joseph Goebbelsek hala ezarri zuen propagandaren hamaika irizpideetan: ‘Aurkariaren gainean norberaren akatsak edo okerrak kargatu, erasoari erasoarekin erantzunez. Albiste txarrak ukatzerik ez baduzu, asma itzazu arreta galaraziko dieten beste batzuk’. Gatazkak, desberdintasun sozialak eta ekonomikoak, polarizazioa… horiek ezaugarritutako mundu batean bizi gara. Baina den-dena ez da negatiboa eta pertsona askok konponbideak eta justizia bilatzearen alde lan egiten dute», nabarmendu zuen Bilboko La Bolsa eraikinean egin zen mahai-inguruko aurkezleak, Carmen Peñafielek.
Aretoa txiki gelditu zen. Hizlarien artean zen Carlos Martin Beristain, Psikologian doktorea, Latinoamerikan eta munduko beste leku batzuetan eman diren giza eskubideen urraketen ikertzailea. Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrean hainbat aldiz peritua izateaz gain, Nazioarteko Zigor Gorteko biktimei buruzko aholkulari gisa lan egin du.
Bere ondoan, Pili Zabala, GALek Joxean Lasarekin batera bahitu eta desagerrarazi zuen Joxi Zabalaren arreba eta bakearen eta sekretu ofizialik gabeko memoriaren aldeko aktibista. Berridatzi Bizikidetza Josteko Ellartea elkarteko lehendakariordea.
Ana Cristina Navarro kazetari kolonbiarrak 24 urtez TVEn lan egin zuen, 1972tik 1996ra, eta 1972tik 1976ra Informe Semanal idatzi zuen. 2018tik 2022ra Pedagogia koordinatzailea izan zen Kolonbiako Egiaren Batzordean. Gaur egun, alderdi politiko desberdinetako gazteekin ariketa bat antolatzen du gatazkaren ez errepikatzea lantzeko. Hirurek, bakeari, bizikidetzari, erreparazioari, gerra krimenei, nazioarteko zuzenbideari... buruz sakon hausnartu zuten, Julio Flor kazetari eta idazlearen gidaritzapean.
«Bakea gerra baino askoz zailagoa da. Bakea da eskuartean dugun erronka. Bakea grina eta oinarrizko giza eskubide gisa ulertuta. Bakearen hiru arkitekto ditugu gaur hemen. Carlos torturaren biktimei arreta emanez hasi zen giza eskubideetan murgiltzen, asilo-eskatzaileen eta tortura horren biktimen txosten medikoak eginez Latinoamerikan, desagertuen senideekin lan egiten. Pertsonez interesatzen hasi zen, ez bakarrik zauri fisikoez, baita zauri psikologikoez ere: bere familia, bere ingurua, fokua dimentsio psikosozialean jarriz eta memoria eta egia lan-tresna gisa hartuz. Duela urte asko ezagutu genuen elkar. Carlos, nola jasan daiteke hainbeste min eta sufrimendu?», galdetu zion lehenik Florrek.
«Sufrimendua pairatu behar dutenak biktima zuzenak dira, eta haien ondorengoak. Lan honen ardatzetariko bat gerrak, torturak, giza eskubideen urraketak apurtutako konfiantza berreraikitzea da. Hitz egin ahal izateko, konfiantza behar da. Biolentziak mesfidantza handia sortzen du, Estatuarenganako eta instituzioenganako uste ona apurtzen du. Bidea bi norabidekoa dela esaten da. Galdetzera joaten bazara, zerbait egin behar duzulako da; zerbait irakastera bazoaz, zerbait ikastera zoazelako da. Nire lanean, nire bidaietan, gauza asko jasotzen ditut; pertsonaren alboan jartzeko prest egon behar duzu. Nik hala ulertzen dut lan psikosozial hau. Egia garrantzitsua da biktimentzat; biktimei egiarako duten eskubidea bahitu nahi diete beti. Akusatuko dira, estigmatizatuko dira, kriminalizatuko dira, deshumanizatuko dira, eta haien kontrako ekintza behin eta berriz justifikatu da. Jasanezina denari izena jartzea garrantzitsua da, baina horretarako, konfiantza beharrezkoa da», esan zuen Beristainek.
Lehen urratsa, hortaz, «humanizazioa» dela gaineratu zuen. «Batzuetan giza eskubideen urraketei jartzen zaien izenarengatik eztabaidatzen galtzen dugu denbora, arreta beste nonbait jarriz eta ez benetan garrantzitsua den horretan; gerra krimenak direla, edo gizateriaren aurkako krimenak, edo… Zoritxarrez, jendea gero eta gorrago dagoen momentu batean bizi gara. Hiru testuinguru desberdin dituzten hiru herrialdetatik etorri berri naiz, eta herrialde bakoitza bestea baino bakarrago dago bere historian», adierazi zuen Beristainek.
BESTEAREN ISPILUAN IKUSI
Bere hitzetan, oso garrantzitsua da bizipenak elkartrukatzea eta «norberaren burua bestearen ispiluan ikustea. John Berger poetak esaten zuen bezala, mina ezin da partekatu, baina sufrimendua partekatzeko ahalegina bai. Eta ahalegin horretatik erresistentzia bat sortzen da». «Bizikidetza berreraikitzeko lehen urratsa zure istorioa kontuan hartu izana da. Besteari entzutea da errekonozimendua dakarrena, ez bakarrik gertatu zena, baizik eta biktimen duintasuna eta iraganaren azterketa kritikoa, iragana izateari utzi nahi ez dion iragana», plazaratu zuen.
Ana Cristina Navarro kazetari kolonbiarrak dio FARC-EP eta Juan Manuel Santosen Gobernuaren arteko negoziazio prozesuaren ondorioz sortutako Egiaren Batzordeak «urteekin mugarri bat suposatuko duela, baina oraindik ez dela nabaritzen». Batzordearen txostena «ezagutzen eta ezagutarazten ari gara. Hastapenetan gauden arren, ikastetxeetatik hasi dira deika Batzordearen ondorioak ikasgeletan azaltzeko eta horiek ikasleekin partekatzeko. Biktimentzat Egiaren Batzordea justizia kontu bat da, sekula ez baitzuten modu horretan errekonozituak izateko aukerarik izan. Ia jaio nintzenetik, 1949an, gerran egon gara. Denbora tarte txikiak salbu, ez dut bake garairik ezagutu Kolonbian. Hala ere, jendeak izugarrizko erresilientzia eta aurrera egiteko gaitasuna du. Baina ez dugu bakea lortuko, esklusioarekin amaitzen ez dugun bitartean», nabarmendu zuen Navarrok bere hitzartzean.
Ildo horretan, nabarmen utzi nahi izan zuen, «mundu honetan okerrena bazterketa» dela: «Bestea baztertzea nire azal kolore bera ez duelako, klase sozial berekoa ez delako, ni bezala pentsatzen ez duelako. Txostenak hori guztia lantzen laguntzen digu».
BIKTIMA «IKUSEZINAK»
Pili Zabalak «ikusezinak egin dituzten biktimak» mahai gainean jarri zituen. «Oraindik orain, Euskal Herrian giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktima ikusezinak daude, ezagutzen ez ditugunak. Eta zergatik ez ditugu ezagutzen? Ba historiak berak erantzuten dio galdera horri. Biktima batentzat konfiantza hitza garrantzi handikoa da. Nora jo dezake Estatuaren aldetik giza eskubideen nolabaiteko urraketaren bat pairatu duen biktima batek? Euskal Herrian atxilotuak izan direnentzat, atxilotuak izan gabe eta deus ere galdetu gabe hil dituztenentzat, justizia ez da justua izan. Ikusezinak diren biktimei buruz hitz egiten dudanean, pertsona horiei buruz ari naiz. Horietako batzuk ezagutzen ditugu, denborarekin publiko egin direlako edo haien gertukoei esker aurrera egiteko gai izan direlako. Estatuak babestu behar zituen, horretarako baitaude Estatuak, desberdintasunak sortu gabe herritar guztiak babesteko, alegia. Baina, zoritxarrez, egun oraindik sailkapen bat egiten da: ez pairatu den giza eskubide urraketa motaren araberakoa, baizik eta urraketaren erantzulearen araberakoa. Eta hori da inoiz gertatu beharko ez litzatekeena».
Florrek Jose Mugica Uruguaiko presidente uruguaitarraren esaldi bati aipamena egin zion: «Berak esan ohi zuen mundua aldatu nahi izan zuen belaunaldi batekoa zela, baina zanpatuak, garaituak, lainoztatuak izan zirela, baina oraindik ere amets egiten duela, borrokak merezi duela, jendea hobeto eta berdintasunaren zentzu handiagoarekin bizi ahal izan dadin. Zein da gerraren irakaspena eta egiaren batzorde baten baliagarritasuna, Carlos, Cristina, Pili?».
«Egiaren Batzorde bat errekonozimendurako marko sozial zabal bat da ukatuak izan diren pertsonentzat. Helmuga ez da txosten bat egitea, baizik eta elkarrizketarako gune bat izatea, etsaiaren kontzeptua eta bazterketa gainditzea. Eztabaidatzeko tresna berriak bilatu eta eraikitzeko gune bat da», azaldu zuen Beristainek.
Ondorioen gizarteratzea faktore askoren mende dagoela gaineratu zuen. Argentinan, adibidez, gogoratu zuenez, CONADEPen txostena «bestseller bat izan zen urte askotan. El Salvadorren, ordea, Egiaren Batzordearen txostena ez zuten 17 urtetan publikatu. Herrialde horretan ondoren gertatu den guztiak gatazka ixteko moduarekin zerikusia du. El Salvador beste bat izango litzateke Ignacio Ellacuria, Segundo Montes, Ignacio Martin-Baro, Amando Lopez, Juan Ramon Moreno eta Joaquin Lopez hil izan ez balituzte. Guatemalan, Juan Gerardi gotzaina hil zuten, militarrek egindako giza eskubideen bortxaketak salatzen zituen agiria argitara eman eta bi egunetara. Egiari bidea ixteko saiakera bat izan zen. Hau esanda, luzatu nahi dudan gogoeta hurrengoa da: nola transmititzen da egia hurrengo belaunaldietara? Egiak prozesu pedagogiko bat behar du, eta politika publikoak behar ditu. Zenbat urte behar izan dira Estatu espainolean frankismoaren edo GALen biktimei buruz hitz egin ahal izateko? Egiak orainari begiratzeko eraldaketarako prozesu bat izan behar du. Memoria ez da gauza fosila izan behar, ez da soilik iraganean gelditu behar, orainari ere begiratu behar dio, egungo gaiei, esaterako, arrazakeriari, esklusioari, eta abar. Bestela, errealitatetik urrun, iraganari loturiko pantaila bat izango genuke».
Navarrok bere esperientzia aipatu zuen. «Kolonbiako 18 hiritan gazte mugimendu bat aktibatzea lortu genuen. Lehen aldiz, biktima eta biktimarioak elkartu zituen prozesu baten berri zutela esan ziguten. Ziur asko prozesu pribatuak egon direla, baina ez Egiaren Batzordearen ezaugarriekin. Azken txostena ezagutarazteko pedagogia lana egiten ari dira gazte horiek. Jendeari arreta gehien ematen diona biktima eta biktimarioen arteko topaketak dira; jakitea, adibidez, FARC-EPko gerrillari ohiak hil zuten gobernadorearen seme-alabekin bildu zirela. Egiaren Batzordea osatu arte, Kolonbian ez zen horrelakorik gertatu. Hori da gazteei harridura gehien sortzen diena. Kolonbia oso klasista da. Oligarkiek ez dituzte azpikoak onartzen, eta ez dute pentsatzen eskubide berdinak dituztenik. Gatazka ikuspegi desberdinetatik ikusten hasten dira», helarazi zuen.
MINAREN TRANSMISIOA
Zabalaren esperientziatik, «gazteek gatazkari buruz ezer gutxi dakite, minaren gainean hitz egitea asko kostatzen baitzaigu. Euskal gizarteak asko sufritu du, hori ukaezina da. Urte batzuetan, hainbat eskolatan eta ikastetxetan testigantza eman dut. Deigarria da zer-nolako arreta jartzen duten gazteek zure bizipenak kontatzen dituzunean. Egiten dituzten galderengatik ondorioztatu daiteke inork ez diela gatazkari buruz hitz egin. ‘Ba, niri hori ez didate inoiz kontatu’, esaten dizute».
Transmisioa berebizikoa dela nabarmendu zuen: «Kezkatzen nau ikusteak gizarte bezala nola egiten ari garen transmisioa; mina ezagutu behar da, nahiz eta mingarria izan. Transmisioa gertatutako guztia ezagutzera bideratu behar dugu, berriro gerta ez dadin. ‘Inoiz ez gehiago’ bermatu behar dugu».
Kolonbiara itzuliz, Navarrok ondorengoa esan zuen: «Gerra leku batean zaudenean eta gatazkaren arduraduna den agintariaren aurrean esertzen zarenean, konturatzen zara herrialdearen %99k ez diola inoiz aurpegia jarri arduradun horri, eta hortaz, ezin izan diola inoiz begietara begiratu, ‘zergatik egiten diguzu hau’ galdetzeko. Egia bilatzea lanbide liluragarria da, baita oso zaila ere. Egiaren Batzordean bi gazte motarekin egin dugu lan. Gauza bat zen gatazka-guneetako ikastetxeetara joatea, non gatazka bizirik zegoen eta aita mehatxupean egon zitekeen, edo gerrillan, edo paramilitarren artean. Testuinguru horretan, gazteek ezin zuten hitz egin, beldur zirelako. Mutil horiei Bogotako ikastetxe batekoak kontrajartzen zaizkie, non gatazkak, oro har, ez dien eragiten. Bi egoera oso desberdin dira, egiaren eta egiari emango litzaiokeen hedapenaren aurrean».
Beristainek, bestalde, Guatemalako esperientzia bat gogora ekarri zuen. «Memoria historikoa berreraikitzeko txosten batean ari ginen lanean. Hasieran hiru liburuki izan behar zituen. Baina testigantzak biltzen hasi ginenean, laugarren liburuki bat atera zen, ‘izugarrikeriaren mekanismoak’ deitu genion. Nola da posible bizilagunak zu akabatzea? Bosnian, Srebrenican... gertatu zen bezala, okina bizilagunaren frankotiratzailea bilakatu zen. Guatemalan, Autodefentsa Zibileko Patruilak komunitateetako kideak behartuta errekrutatu zituzten, komunitateko beste kideen aurka egiteko. Nola da posible puntu horretara iristea?».
«IKASITAKO EZINTASUNA»
Hori ahalbidetzen duten diskurtsoez ohartarazi zuen: «Gu eta haiek; ez baduzu zuk egiten, besteek egingo dizute zuri; beldurraren erabilera; obedientzia eta hierarkiak…». Diskurtso horretan, ardurak erdibitu egiten dira: «Bonba atomikoa jaurti zuena ez da arduraduna soilik botoi bat sakatu zuelako, eta lehergailua asmatu zuena ere ez, zeren ez zekien zer erabilera emango zioten. Izugarrikeriaren sekuentzian inor ez da arduradun. Bigarren Mundu Gerran, esaterako, erantzule bakarra Hitler izan zen eta erotuta zegoen. Ez bagara gizarte eta kolektibo gisa arduradun sentitzen, funtsezkoa den zerbait galtzen ari gara; are gehiago, babesgabeko zibilak bonbardatzen ari direnean. Ikasitako ezintasunaren korapiloan erortzeko arriskua dugu».
Nola gainditu «ikasitako ezintasuna»? Kolonbiako San Jose de Apartadoko esperientziari erreferentzia egin zioten Beristainek eta Navarrok. Gatazkak eragindako biktimen %10 biltzen ditu herri horrek. Herritarrek «bake komunitate» bat sortu zuten 1997ko martxoaren 23an. Talde armatuekin -gerrilla, Armada edo paramilitarrak- kolaboratzeari eta legez kontra erabiltzen diren laborantzei muzin egiteko hautua egin zuten. «Gobernu kolonbiarrak kristorenak esan zituen bake komunitate honen kontra; gerrillariak, hiltzaileak… zirela esan zuen, soilik aipatzeagatik gerrarekin zerikusia zutenekin ez zutela deus ere jakin nahi. ‘Guk bakean bizi nahi dugu’ esaten lehenengoak izan ziren. Ez Gobernuarekin, ez gerrillarekin, ez Armadarekin ez zuten egon nahi», helarazi zuen Navarrok.
Zabalak 13 urte zituen polizia lehen aldiz bere etxera joan zenean, 1981eko azaroan. «Eguerdiko hamabiak ziren. Anaiaren bila etorri ziren. Etxea hankaz gora utzi zuten. Bigarren pasarte traumatikoa 1982an izan zen. Orduan, Guardia Zibila etorri zen metrailetak eskuetan, atea puskatu zuten. Ohetik altxarazi gintuzten. Bi gertaera horien ostean gure amak deus ere ez kontatzeko eskatu zigun, gertatutakoa familia artean gelditu behar zela. Okerrena, errefuxiatuen komunitateko batzuk Josean eta Joxi ez zirela agertzen esatera etorri zirenekoa izan zen. Nik 15 urte nituen. Helburu bakarra haiek bilatzea zen, edozein desagerpen gertatzen denean bezala. 26 urte nituela agertu ziren gorpuak. 1983. urtean Argentinako diktadura amaitu zen. Informe Semanal programan beti desagertuen inguruko erreportaje bat ematen zuten. Joxi eta Josean desagertuta zeuden garai horretan, baina Informe Semanal-ek egiten zituen erreportajeetan ez ziren inoiz agertzen. Zergatik ote zen galdetzen nion neure buruari. Bizitako guztiak giza eskubideen defendatzaile erradikal bihurtu nau. Kale mailan babes handia jaso bagenuen ere, erakundeen aldetik ez zen berdina gertatu. Asko interesatzen zait jakitea gizakia zergatik den gai beste gizaki bati izugarrikeria hori nahita eragiteko».
«Memoriak egiari eta errekonozimenduari ateak irekitzen dizkio. Ez da kontua atzera begiratzea tortikulisa bagenu bezala. Oroimenak askatu egiten gaitu iragan traumatikotik. Ahanzturak iraganari lotuta jarraitzera kondenatzen gaitu», esan zuen Beristainek.