Gorka Altuna eta Iker Iriarte, Buruz Buruko finalisten aholkulari eta konplize
Biharko Buruz Buruko Txapelketaren finalean begirada guztiak Jokin Altuna eta Iñaki Artolarengan jarriak egongo dira. Baina partidan zehar sarri-sarri entzungo ditugu Gorka Altuna eta Iker Iriarte botileroak aulkitik aholkuak ematen. Esaten dena baino, konplizitate harremana omen da garrantzitsuena.

Euskal pilotak bere-berea duen figura da botileroarena. Printzipioz ez da entrenatzailea izaten, eta ezta prestatzaile fisikoa edota psikologo ofiziala ere. Baina argi dago arlo horietan guztietan bere ekarpentxoa egiten duela botileroak.
Igandean Bilbon jokatuko den Buruz Buruko Txapelketaren finalean Gorka Altuna eta Iker Iriarte izango dira botileroak, Gorka Jokin bere lehengusuarena, eta Iker lagun mina duen Iñaki Artolarena. Biak alegiarrak izanda, bertako Intxurre elkartean elkartu ditugu, botilero lanaren sekretuak -eta sekretu ez direnak- kontatuko dizkigutelakoan.
«Askotan ez dakit entzun ere egiten didan. Berak eskatzen didana da gainean egoteko, eta noizbait esan izan diot: ‘Gainean egoteko eskatzen didak eta gero kasurik ez didak egiten’», bota du barre artean Gorka Altunak Jokinek zer eskatzen dion galdetu diogunean. «Ume-umetatik ezagutzen dugu elkar. Nire amak Amezketan egiten du lan eta hara joaten nintzen amarengana. Jokin ere han izaten zen, eta ordu asko pasa ditugu batera Amezketako frontoian. Konfiantza sobera daukagu, errespetuz beti, elkarri edozer esateko», gehitu du.
Horra ba, botileroaren funtzioa ulertzeko gako nagusia: konfiantza, konplizitatea. Eta Iker Iriartek ere alderdi hori nabarmendu du: «Nire lanbidea eta bizimodua direla-eta, botilero lana baino gehiago uste dut eskertzen duela astean zeharreko ibilietan berarekin egotea. Bai entrenatzera doanean laguntzea, elkarrekin bazkaltzen geratzea... Berari denbora eskaintzea eta laguntasuna eskaintzea. Gero, partidetan, ahal dena. Ez dut uste, gainera, botileroak horrenbesteko garrantzia duenik».
Gainera, kontuan izan behar da gaur egun partidetan botileroek mikrofonoa jarrita izaten dutela une oro, eta horrek ere mugatzen duela hein batean esan dezaketena. «Ni hasi nintzenean justu orduan jarri zituzten mikrofonoak, pandemiaren ondoren -dio Gorkak-. Horrelaxe ohitu gara. Egia esan, niri ez zait askorik gustatzen. Besteak entzutea bai. Iker, adibidez, gustura entzuten dut, zer esaten dion Iñakiri, nola eramaten duen... Baina onartu behar da partidan sartuta zaudenean nolabait mugatzen zaituela, gauza batzuk ezin dituzulako lasai esan. Pilotariak arazo fisikoren bat baldin badu, edo eskuan mina, gustura galdetuko zenioke zer moduz dagoen. Baina ezin da, badakizulako dena entzungo dela eta hurrengo aurkaria ere adi egongo dela».
«Intimitate falta horrek eraman gaitu botilerook gero eta politikoki zuzenagoak izatera», iritzi dio Iker Iriartek. «Era berean, ni neu beste kirol bat ikusten ari naizenean, izan erremontea, izan arrauna, gustura entzuten ditut barne elkarrizketak. Ulertzen dut kirol ikuskizunarentzat mesedegarria izan daitekeela. Orokorra da, inguruko denek esaten digute: ‘A ze putada mikroa eraman beharra, baina ze gustura entzuten ditugun esaten dituzuenak’», gaineratu du, mikroak suposatzen duen ardura ere nabarmenduz: «Ez dakit eredua eman behar dugun haur eta gaztetxoen aurrean, baina nik sentitzen dut nolabaiteko ardura bat, mikro bat daukazun momentutik, ongi hitz egitekoa edo saiatzekoa behintzat. Horrela hartu beharko dugu, bestela gehiegi agobiatuko ginateke».
Eta bertsolariek aipatu ohi duten moduan, plazan esan ezin direnak komentatzeko aukera bikaina izaten dira autoz egiten dituzten joan-etorri luzeak. «Ez orain bakarrik. Binakako Txapelketan ere bai. Eta udan festetako partidaren bat ez dakit nongo herri txikitan badauka eta libre banago, gustatzen zait berekin joatea. Baina Iñaki lagun mina dudalako, beste lagun batzuekin eguna gustura pasatzen dudan bezala. Eta agian hori adinak ere emango du, baina egia esan, Iñakik irabazi edo galdu, etxera bueltak oso antzekoak izaten dira. Beti otordua egiten dugu. Ez daukat buruan partidarik jokatu eta gero afaltzera gonbidatu ez gaituenik, beti berak ordaintzen duelako. Baina pilotari eta botilero bezala baino lagun moduan, inguruan beste bi edo hiru lagun ere izaten ditugulako».
BI FINALISTA SEI KILOMETROAN
Mapan begiratuta, Alegia eta Amezketa arteko errepideak 6,5 kilometro dituela ageri da. Buruz Buruko bi finalistak, beraz, zazpi kilometroren barruan jaioak dira, gutxi gorabehera. Baina finaleko protagonisten gertutasuna erakusten duen beste datu batzuk ere eman dizkigu Iker Iriartek: «Jokin laguna dugu, Gorka zer esanik ez; laguna izateaz gain, bizilagunak ere izan gara urte askoan. Bertso eskolan nire ikaslea izan zen Gorka, Iñaki ere bai. Herri txikietan gertatzen diren gauzak. Aldi berean, gure aita Amezketakoa zen, nik Amezketako pilota eskolan jokatu nuen... Gauza asko elkartzen dira finala berezia egiten dutenak».
Gorkaren kasuan, adibidez, alegiarra izanda, amezketarrak irabaztea nahiko du, eta izango dira alderantzizko kasuak ere. Baina Binakako finalaren atarian Alegian izan zen giroak zer pentsatua eman omen zion: «Iñaki Binakakoaren finalera sailkatu zenean kalean jendearengan ikusten zenuen gogo hori sekulakoa izan zen, eta bai pentsatu nuen nirekiko Amezketan ez ote garen ilusio hori apur bat galtzen ari. Ez ote garen ohitu Jokin finaletan ikustera, ni neu lehena. Eta Alegiakoa ikusteak balio izan zidan horretaz jabetzeko, Jokin iristen denean ere merezi duen balio eta ilusioz hartzeko».
Gainera, gogoratu behar da duela lau urte Artolak finalerako txartela eskuratu zuenean, Altunaren aurka jokatu ezinik geratu zela, lesio baten erruz. «Hori bada barruan geratu zitzaigun arantza bat. Larrazabalen aurkako finalerdia jokatzetik bueltan, gogoratzen genuen Iñakik min hartu zuen urte hartan, astelehenean nik lagundu niola Gasteizera proba medikuak egitera. Eta kasualitatea da aurten finalerdia Ogetan izatea, eta handik bueltan horixe aipatu genuen: ‘makina bat buelta egin dizkiagu Gasteizera, medikutara eta abar, eta lau urte geroago, berriz ere finalean, berriz ere Bilbon, berriz ere Jokinen aurka’. Ez dakit justizia poetikoa den, edo Iñakik berak esan zuen moduan, nork jakin, duela lau urte final hura jokatu izan balu agian orain ez zen hemen egongo. Hori ezin da jakin, baina badago jendearen artean lehen jokatu ez zen final hori bizitzeko gogoa».
«Hor atzean dagoena da urte askoan jende askok egin duen lana bere herriko pilota eskolan», gehitu du Iriartek Tolosaldeko pilotarien arrakastaz, baina etorkizunera begira zalantzak ditu. «Egunero pilota eskoletan gabiltzanok badakigu errealitatea zein den», ohartarazi du.
Matematika saioak autoan, Whatsapp taldeko irakurketak eta estuasunei aurre egitearen balioa
Buruz Buruko seigarren finala du biharkoa Jokin Altunak, eta hamabosgarrena Lehen Mailako hiru txapelketa nagusiak kontuan hartuta -Bigarren Mailako bat ere jokatu zuen Lau eta Erdian; hain zuzen ere, Iñaki Artolaren kontra 22-8 galdu zuena-. Pentsa liteke amezketarra jada ohituta dagoela finalak jokatzera, eta bere botileroak ez dio kontrakorik.
«Lehenengoez ezin dut askorik esan, ez nintzelako horrenbeste egoten berarekin. Baina azkenekoetan denbora dezente pasa izan dugu elkarrekin finalen aurretik ere, bezperan batera afaldu izan dugu, adibidez, eta nik beti oso lasai ikusi izan dut. Partida bat gehiago balitz bezala. Egia da berak esan ohi duela gauean hasten direla urduritasunak, behin ohera sartutakoan eta burua lanean hasten denean. Orduan hasten dela datorren egunean zer datorren pentsatzen. Tentsio handiko uneak dira, noski, eta nik uste berak ere sentitzen duela hori. Pentsatzen dut aurrenekoetan urduriago jarriko zela. Ezin da ohituratzat hartu, baina egia da final asko jokatu dituela eta esperientzia horrek asko lagunduko diola bi aste horiek nola eraman jakiteko», dio Gorkak.
Izan ere, eta pentsa litekeenaren kontra, Jokinek asko hitz egiten omen du pilotaz ingurukoekin lasai dagoenean ere. «Orokorrean gustatzen zaio pilotaz hitz egitea. Askotan igandetan jokatzea tokatzen zaio, adibidez, eta larunbatetan aurreneko eta bigarren partida ia guztiak ikusten ditu. Horretan ez da deskonektatzekoa. Pilota asko gustatzen zaio eta asko hitz egiten dugu pilotaz. Iñakiren partida asko ere batera ikusi ditugu. Ez dugu azterketa sakonik egiten, baina beti aipatzen dugu zerbait: ‘Hau egin behar zian’ eta antzekoak. Nik oso eroso ikusten dut esparru horretan. Natural eramaten du, eta pilotaz hitz egin behar bada hitz egiten du».
Adibide bezala, ligaxkan Iker Larrazabalen aurka galdu zuen partida aipatzen du Gorkak. Jendeak kirolaria burumakur edo haserre irudika lezake etxerako bueltan, hitz egiteko gogorik gabe, baina ez omen zen hala izan. «Partida hori galduta, jada finalera sailkatzea ez zegoen bere esku bakarrik, eta bidaia guztia kalkuluak egiten pasa genuela gogoratzen naiz. ‘Hik Zabala 15ean uzten baduk, besteak ez dakit zenbat egin behar...’ eta antzekoak. Askok pentsatuko dute galdutakoan pilotariak ez duela nahiko horretaz hitz egin, baina bai, hura kuriosoa izan zen».
Jokinek berak askotan aipatzen du txapela irabaztea edo ez irabaztea detaile txikietan egoten dela, eta baita finalean egotea edo ez egotea ere. Gorkak gogoratzen duenez, aurtengo txapelketan ere izan da horrelako egoera harrigarri bat. «Ligaxka hauetan aurreneko partida galtzen baduzu, sailkapena jada ez daukazu erabat zure eskuetan, nahiz eta beste biak irabazi. Alde horretatik, oso garrantzitsua zen Larrazabalek Dariori irabaztea, horrek bere esku uzten zuelako sailkatzeko aukera. Gogoratzen naiz 14-20 galtzen joan zela Larrazabal eta gure Whatsapp taldean nola komentatu genuen gauzak jada oso zailak jartzen ari zirela. Baina Larrazabalek buelta eman zion partidari eta hori guretzat neurketa bat irabaztea bezalakoa izan zen. Aukera zure eskuetan daukazulako berriz eta horrek beste lasaitasun bat ematen duelako».
Eta ligaxkako bigarren partidan, Javi Zabalaren aurkako neurketan, lehen zati zail eta gogorrari eutsi eta egoera iraultzeko gai izateari ere garrantzi handia eman diote Altunatarrek, porrot batetik etorrita gainera. «15. tantora arte sekulako erakustaldia eman zuen Zabalak. Nik ez nuen Jokin batere gaizki ikusten, baina Javi gainetik pasatzen ari zitzaion. Baina lortu zuen partida horri buelta ematea, eta hori ere asko komentatu dugu: zer meritu izan zuen egoera horretan sufritzen jakin eta horri buelta emateak. Askotan pentsatzen da 22-4 irabazteak indar handiagoa ematen duela, baina zure burua estu eta larri ikusi ondoren partida bati buelta emate horrek ere indar handia ematen du».
Final garrantzitsuena, finalerdiaren aurretik; eta egungo bolada arrakastatsuan, Mikel anaiek egindako lanari aitortza
Azken aste hauek oso bereziak izan dira Iñaki Artolarentzat, eta ez Buruz Buruko finalera sailkatu delako bakarrik. Bere adierazpenetan onartu izan duenez, bere final garrantzitsuena maiatzaren 16an jokatu -eta irabazi- zuen, Nora, bere lehen alaba, jaio zen egunean.
«Iñakirentzat finalerdi bat jokatzea berezia da berez, beste pilotari batzuk bezainbeste ez dituelako jokatu, eta bereziki Jokin bezainbeste. Baina Iñakiren kasuan, finalerdia ez, bere bizitzako finalik garrantzitsuenetako bat zeukan egun horietan. Niri ostiral eguerdian, ordu batak aldera, abisatu zidan: ‘Hi, Nora 12.00 aldera jaio duk eta poz-pozik gaudek, oso erditze azkarra izan duk’. Eta une horretan, niretzat ere lasaitasun bat izan zen, igandean frontoira joan behintzat egingo ginelako. Biok elkarrekin joan ginen eta oso asebeteta aurkitu nuen. Ohiko bidaia izan zen, gure kontu pertsonalei buruz hizketan eta abar. Baina oraindik ere tarteka negarra irteten zait, oso egun sentiberak izan direlako guretzat, gauza asko mugitu zaizkigulako barruan», dio Iker Iriartek egun haietan bizitakoaz.
Zorioneko egunak, asteak... edo hilabete parea, justu denbora horixe igaroko baita Binakako finalaren -Artolak Lehen Mailan jokatutako aurreneko finala- eta Buruz Burukoaren artean. «Urtero gertatu dadila», opa du Iriartek, lanak pilatzen ari ote zaizkion galdetuta. «Gustuko lanak dira sarrerak antolatzea, edo autobusa, edo afaria. Festa bat antolatzea beti da gustuko lana. Baina egia da Binakako Txapelketara sailkatu zenean kuadrillan ere aipatzen zela, ‘hi, bai ala bai joan behar diagu, agian beste aukerarik ez diagu izango-eta’. Zeinek esan orduan bi hilabete eskasean berriz ere final batean izango zenik Iñaki. Ni gaur egun ez naiz Alegian bizi, baina askotan etortzen naiz eta esango nuke herrian giroa lasaixeago sumatzen dudala oraingoan. Binakakoak izan zuen Lehen Mailako aurreneko final handia izatearen garrantzi hori, eta jendea urduriago sumatzen zen, eta orain uste dut patxada gehixeagorekin dagoela».
Eta zer dago, ba, bolada arrakastatsu horren atzean? Zaila da elementu bakarra aipatzea. «Eliteko kirolari hauen kasuan emaitza onak lortzeko lana beharrezkoa da, lan asko. Batez ere berarena, urte askoan egin duena. Eta ingurukoena ere bai. Hasi pilota-eskolako entrenatzaileetatik, gaur egungo entrenatzaile, masaje-emaile, fisio eta abarretaraino. Horrez gain, berezko dohainak behar dira, zorte puntu bat ere bai. Urte batzuetan Iñakik Buruz Burukoa prestatzeko denbora asko izan du, eta, aldiz, aurtengoa izango zen entrenamendu gutxien egin duen urtea, Binakako finalera iritsi zelako. Ez dugu esango inoizko emaitzarik onena lortu duenik, duela lau urte ere finalera sailkatu zelako, nahiz eta gero jokatzeko aukerarik ez izan».
Ingurukoak aipatuta, bi izen nabarmendu ditu Ikerrek. «Niri, partida bukatutakoan, bi izen etorri zitzaizkidan burura, bi Mikel. Bat, gure anaia, Mikel Iriarte. Duela 30 urte pilota eskola berak jarri zuelako martxan Alegian eta gutako asko pilotariak edo pilotazaleak izan bagara hasiera haiengatik delako. Eta bestea Mikel Artola, Iñakiren anaia. 2021ean bera zen Iñakiren botileroa. Oraingoan kasualitatez ni tokatu naiz, baina uste dut Iñakirekin lan gehien egin duena eta gure artean pilotaz gehien dakiena Mikel Artola bera izango dela».