Hernaniko Urumea Ikastolako haurrak, horma zahar bati jakin-minez begira
Hernaniko Urumea Ikastolan neurrira egindako proiektu bat abiatu dute. Gertu daukaten horma bat behaketarako eremu bihurtu dute. 6-12 urte bitarteko haurrak paretaren jiran ibili dira, habitatak identifikatzen ikasi dute eta euskarari arnasa eman diote. Ikasgelako paretetatik, horma zaharrera.

Hernaniko Urumea Ikastolako Lehen Hezkuntzako haurrek orain desberdin begiratzen diote “horma zaharra”-ri. Hala esaten diote Lizeaga kalean dagoen paretari, Gudarien plazatik hilerrira doana, errepide bazterretik. Paretari begira, neurri-neurrira jositako proiektu pedagogiko oso bat landu dute eskolan.
«Iaz sartutako zuzendaritza taldea gara. Gure Zuzendaritza proiektuan jasoa genuen kanpo espazioak eta naturaguneak erabiltzeko beharra, baita kulturartekotasunari eta horrek dakartzan erronkei erantzun bat emateko beharra ere. Hori izan zen proiektuaren iturburua. Diagnostiko txiki bat egin genuen ikasleekin, naturarekiko zuten ezagutza eta inguruko naturaguneez egiten zuten erabilera ikusteko», hasi du azalpena Oihana Etxabek, Urumea Ikastolako zuzendariak.
Diagnostikoa argigarria izan zen: ikasleek apenas ezagutzen zituzten inguruko landare eta animaliak. Natura itsutasuna. Baina, era berean, galdeketa horretan beste errealitate bat bistaratu zen: ikasleek naturaguneetara gerturatu nahi zuten, naturaren beharra sentitzen zuten.
Urumea Ikastolaren errealitate sozioekonomikoak eta linguistikoak tasun propioak dauzka. Lehen Hezkuntzan, 25 jatorri desberdineko familiatako haurrak daude. Haur asko bertan jaioak dira, baina gurasoek askotariko jatorriak dituzte. Eta, ondorioz, hizkuntza aniztasun handia dago.
«Natura espazioetan egiten diren ekintza osagarriek zein irteerek gainkostu bat dute familientzat. Baina, era berean, ikasle eta irakasleek irteera hauek oso esperientzia positibo bezala baloratzen dituzte», azaldu du Etxabek. Hartara, Hernaniko Udalari dirulaguntza bat eskatu zioten, ikasleak naturara eta euskarara gerturatzeko baliabide gehiago izateko.
Beraz, horma zaharraren proiektuaren jatorrian bi klabe daude: natura-itsutasuna eta euskararen erabilera. «Aniztasunari inklusiotik erantzuteko beharra ikusten dugu. Eta inklusioa bada gertukoa ezagutzea. Gertukoaren ezagutzak, hurbiltasunak, bidea irekitzen dio euskarari ere», iritzi dio eskolako zuzendariak. Baina, nola uztartu natura eta euskara? «Gozamenetik. Hizkuntza bat ikasi behar duzunean, zuretzat bigarren edo hirugarren hizkuntza dena, atxikimendu bat behar duzu hizkuntza horrekin, plazera transmititu behar dizu, ondo pasatzeko bidea, praktikotasuna, ikasten duzuna baliatu dezakezula sentitzea... eta naturak hori guztia dauka. Ondo sentiarazten zaitu eta gozamena ematen dizu. Eta horrek ematen du abiapuntua, ikasleek proiektuarekiko gertutasuna sentitzeko».
Eskolako patioarekin hasi ziren. Zementua eta hormigoia nagusi ziren tokian, naturari bidea nola ireki pentsatzen. Zementua “berdatzea” ez denez samurra, burua altxa eta eskolatik gertu dauden naturaguneetan jarri zuten begirada. «Jolasgaraiak zikloka antolatu genituen eskolatik gertu dauden jolas-parkeetara joateko. Eta horretan gabiltza. Herrira ateratzen hasi ginen, inguruko parkeetara. Ikasleak oso pozik daude. Ikasleen batzar bat egiten dugu hilean behin eta gehiago eta gehiago eskatzen dute. Azkenean, ordu asko ematen dituzte ikasgelan eta kanpora ateratzeak bizia ematen die. Eta herriari ere bizia ematen dio horrek. Joan-etorrian herritarrak agurtu, eskola orduetan hutsa egongo litzatekeen parke bati bizia eman... aberatsa izan da», esan du Etxabek.
Hortik tiraka-tiraka, ikasleak naturara eta euskarara gerturatzeko bideak eraikitzearekin tematuta, Urumea Ikastolan STEAM proiektu oso bat sortu dute aurtengo ikasturterako. Lehen Hezkuntza osorako proposamen pedagogiko bat, 6-12 urte bitarteko ikasleak pareta zahar bati begira jarri dituena.
Maialen Diaz de Cerio Agenda 30eko koordinatzailea da, STEAM proiektuaren bultzatzailea. «Herri mailako proiektu komunitario bat sortzen ari ginen, zenbait naturaguneren aukeraketan oinarritzen dena, gero gune horiek babesteko eta ikasleek helburu pedagogikoekin erabiltzeko. Orduan, eskolatik gertu genituen naturaguneak aukeratu behar genituen. Gure inguruan aberatsenak pareta hori eta alboan dagoen zelai bat dira. Eta horregatik jarri ginen paretari begira».
Hormak normalean eremu urbanoetan kokatzen dira. Hiriguneetan zientzia lantzeko kanpo espazioak topatzea ez da hain samurra izaten. Hartara, hormak aukera ederra dira. Hiriguneetako pareta horiek, gainera, badute pisu historikoa. Hernaniren kasuan, herriko plazatik hilerrira doan bidea hormaz inguratuta zegoen eta oraindik hor dagoen horma zaharrak herriaren garapen historikoaren arrastoa gordetzen du. Eta horrez gain, bertako espezieak eta ekosistemak ezagutzeko eta lantzeko bidea ere ematen dute hormek. Eta sendabelarrak ere badira bertan.
«Horma batek eremu urbano batean zientzia didaktikoki lantzeko eta bertako espezieak ezagutzeko aukera ematen digu, eta horrek bide bat irekitzen du. Ikastetxe asko izango dira inguruan horma bat daukatenak eta ez dakitenak hori aprobetxagarria dela. Curriculumak berak esaten dizu bertako animaliak eta landareak ezagutzea bultzatu behar dela. Nola ezagutaraziko ditugu horiek? Pantaila baten bidez? Paretan agian hogei espezie ditugu. Ba, goazen hogei espezie horiek behatzera eskola ondoan dagoen eremu bati begira», iritzi dio Iñaki Sanz-Azkuek, Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiko aholkulariak.
PARETA ARTETIK, HORMA ZAHARRERA
Ikasgelako lau pareta artetik atera eta gertu dagoen horma zaharrari begira jarri dituzte Urumeako ikasleak. Balorazioa, ezin hobea. «Eskola Kontseiluan aurkeztu genuenean proiektua, gurasoek galdetzen zuten, ‘baina zein pareta? Hor zer ikasiko dute?’. Ez zen erraza azaltzea, baina ikusi duguna da ikasleek izugarri gozatu dutela eta izugarri ikasi dutela», esan du Oihana Etxabek.
STEAM proiektuak zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika uztartzen ditu. Proiektu orokorra da, eskola guztirako pentsatua, baina ez da etapa guztietan modu berdinean lantzen. Hiru ziklotan banatu da proiektua; Lehen Zikloa (LHko lehen eta bigarren mailak), Bigarren Zikloa (LHko 3 eta 4) eta Hirugarrena (LHko 5 eta 6).
Hirugarren zikloan ikerketa eta zientzia egin dute batez ere. Ikasturte hasieran EHUko irakasle Arantza Aldezabal gerturatu zen ikastolara, eta ikasleei erakutsi zien zientziak nola funtzionatzen duen. Sentsore berezi batzuekin hurreratu ziren paretara eta laginketak zientifikoki nola egiten diren erakutsi zien.
Bigarren zikloan herriko naturaguneak aztertu dituzte, babestu eta helburu pedagogikoekin erabiltzeko. Behatu, deskribatu, eta Udalari eskaera formala egin diote, gune horiek babesteko konpromisoa har dezan.
Urumea Ikastolaren horma zaharraren proiektua arrakastatsua izan da motor oso indartsua duelako: Maialen Diaz de Cerio, irakaslea eta Agenda 30eko arduraduna, eta Ane Aierbe, LHko lehen mailako tutorea. Biek hasieratik pasioz sinistu dute proiektuaren indarguneetan eta irudimenez eta indarrez eraman dute aurrera. «Proiektuan murgilduta geunden hirugarren zikloarekin eta kontziente ginen lehen zikloan ere beharra zegoela natura-itsutasuna lantzeko eta gertuko ekosistemak ezagutzeko. Eta hortik, Anek [Aierbe] eta biok pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela sorginen inguruko ipuin bat sortzea. Sorginen gaineko estereotipoak deseraikitzeko, Hernanik Akelarrearekin daukan harremana lantzeko, horman dauden sendabelarrekin lotzeko, sendabelarrak ezagutzen eta lantzen dituzten emakumeak lehen lerrora ekartzeko...», kontatu du Diaz de Ceriok. Esan eta egin. Hernanin kokatutako sorginen inguruko ipuin bat idatzi zuten; Diaz de Ceriok testuak eta Aierbek ilustrazioak.
Martxoaren 8aren testuinguruan, LHko 4, 5 eta 6 mailetako neskatoek ikastolako txikienen aurrean antzeztu zuten ipuina.
Paretan sendabelarrak daude eta lanketa sakona egin dute lehen mailako ikasleekin. Horman zortzi sendabelar identifikatu dituzte eta Bingo formatuan jolas bat sortu dute haurrentzat bi irakasleek. Paretan identifikatu dituzten sendabelarren irudiak eta izenak -Hernaniko euskalkian jasoak- jaso dituzte fitxa batzuetan. Ikasleekin paretara gerturatu eta sendabelar horiek topatzean datza jokoak. Aurkitzen dituzten sendabelarren ondoan jartzen dute gometsa gorria, bingoan bezala, kartoia osatu arte. Behaketa bidez sendabelarrak topatzea da helburua.
Sei-zazpi urteko hamaika haurrekin gerturatu da GAUR8 paretara, eta ederra izan da jarduera. Haurrek paretari begiratzen ikasi dute, naturari begiratzen. Sendabelarrak identifikatu eta ozen esaten dituzte izenak, «Praintzibelar Burugorriya topatu dut!», egin du oihu mutikoak. «Hemen horma belarra!», neskatoak pozik. Jolasten ikastea eta natura eta euskara jolaserako zapatak balira bezala janztea... proiektu pedagogiko batek ezin du askoz gehiago eskatu.
Eta zer pentsatua ematen du egoerak. Afrikako herri urrun batetik etorritako herritarren sei urteko semeak eta Hernanin bertan duela laurogeitaka urte jaiotako herritarrak berdin esaten baitiote horman ageri den praintzibelar burugorriyari. Eta tarteko belaunaldi askok, berdin da non jaioak, ez dute ikusi ere egiten sendabelar hori, paretaren ondotik pasatzen direnean.
KARTA-JOLASA
Sendabelarrak identifikatu, jaso eta sailkatu. Hori egiten ederki ikasi dute Urumeako Lehen Zikloko ikasleek. Baina ez dira horrekin konformatu Maialen Diaz de Cerio eta Ane Aierbe. Zertarako balio dute sendabelarrek? Pauso bat gehiago emateko gogoa sortu zitzaien. Eta horrela sortu zituzten informazio fitxak, sendabelar bakoitza zertarako erabiltzen den ikasteko. «Justu irakurketan hasi berriak direnez, letrez gain ikonoak ere erabiltzen ditugu. Aurretik landuta genuen gaietako bat giza gorputza zenez, sendabelarren funtzioak giza gorputzeko parteekin lotu ditugu fitxa horietan. Sendabelar bakoitzak bere onurak ditu; urduritasunaren kontra, arnasako arazoak konpontzeko, azalekoak, odolekoak...», azaldu du Aierbek.
Hortik abiatuta, prozesua dinamikoagoa egiteko, karta-jolasa sortu dute. Aukera desberdinak eskaintzen ditu jolasak, tartean bikoteak osatzekoa. Sendabelar bakoitza funtzio batekin lotzea da gakoa. Asmatu egin dute irakasleek, ikasleek orduak eta orduak ematen baitituzte sendabelarren inguruko karta-jolasean.
«Oso modu naturalean barneratu dituzte haurrek sendabelarren izenak, Hernaniko euskalkian gainera. Gaia asko interesatzen zaie, lortu dugu harrapatzea eta gozatzen ari dira, euskaraz ari dira gozatzen. Emaitza mundiala izan da. Nire gelako umeak parkera joan eta bat-batean esatea ‘begira Ane pasmo belarra aurkitu dut’. Niretzat hunkigarria da hori. Begiratuko ez lioketen landare baten bila doaz, identifikatu egin nahi dute. Umeek berezkoa dute naturarekiko jakinduria eta horrek jokoa ematen du», azaldu du Ane Aierbek.
Horma desberdina da bere luze-zabalean eta landare bakoitzak bere tokia dauka. Hormari begiratzen ere ikasi egin behar da eta hori zientziarekin ikasten da. Txoko bakoitzak bere ezaugarriak ditu; nolako zirrikituak, zer harri mota, horrek denak sortzen dituen habitat txiki horiek guztiak...
Hizkuntzaren erabileran ere mesedetan izan da. «Nire gelako umeek beraien artean euskara asko erabiltzen dute. Etxetik bakoitzak hizkuntza desberdina ekartzen du, horietan ezin dira komunikatu. Beraien artean komunikatzeko hizkuntza euskara da. Hori da partekatzen dutena».
Sendabelarrak identifikatzen ikasi eta beren funtzioak jolas baten bidez ikasi. Ez da gutxi, baina ez da horretan geratu kontua. Artelatzekoen laguntzarekin, ukendu tailerra ere egin zuten ikasgelan, sendabelar horiekin ukenduak nola egin ikasteko.
«Nire amak ukenduak egin izan ditu betidanik. Nire amarekin eta seme-alabekin goiz pasa bat egin genuen Hernanin, sendabelarrak jasotzeko. Gero, ama eta alaba etorri ziren gelara eta ukenduak nola egiten dituzten azaldu zieten nire ikasleei. Transmisio hori eman zen eta ikusi zuten ukenduak egiten dituztenak ez direla ipuinetako sorginak, gure herriko emakumeak direla. Oso saio polita izan zen», kontatu du Ane Aierbek.
«Horman zientzia egin dugu eta landare-itsutasunari erantzun bat ematen saiatu gara. Neurrira egindako materiala sortu dugu eta euskara eta dialektoak nahastu ditugu horietan. Hernaniko euskalkia mantentzen saiatu gara sendabelarren izenetan adibidez. Martxoaren 8arekin uztartu dugu eta generoa ere landu dugu. Zientzia, natura-itsutasuna, euskalkiak, generoa, kultura... joko handia eman digu paretak», laburbildu du abentura Maialen Diaz de Ceriok. Eta sendabelarren fitxak erabiliz, robotika ere landu dute.
SUGARRA PIZTUTA MANTENTZEA
Zuzendaritzak balorazio oso ona egiten du. Oihana Etxaberen hitzetan, «jarraitu nahiko genuke, baina hemen behin-behinekotasunak zintzilik uzten gaitu batzuetan. Ez Ane eta ez Maialen ez dira behin betiko irakasleak eskolan. Proiektuaren transmisioa klaustro guztiari egingo zaio eta bertan daudenek jarraipena emango diote. Baina motorrak gurekin egongo diren ziurtasunik ez daukagu eta garrantzitsuak dira motorrak. STEAM proiektuarekin jarraituko dugu, baina garrantzitsua da ikustea ea nork hartzen dituen ardurak eta konpromisoa, sugar hori bizirik mantendu dadin».
Urumea Ikastolan geratu edo ez, Maialen Diaz de Ceriok eta Ane Aierbek herentzian utziko dituzte eskolari neurri-neurrira sortutako materiala eta egiteko modu bat. Sormenez eta konbentzimenduz aurrera ateratako ikas proposamen eder bat.
«Haurrek ordu asko ematen dituzte pareten artean. Kanpoko jarduerek garrantzi handia dute, eta xarma berezia. Hor, desagertu egiten da kulturartekotasuna. Naturan desagertu egiten da, denok berdindu egiten gaitu. Kultura guztiak elkartzen diren lekua da natura, eta hor, hizkuntza ez da muga. Kultura guztien topagunea da natura», egin dute balantzea eskolatik. Eta euskara, natura bezala, elkartzeko toki aparta da.