
Barojatarretan Piok izan zuen oihartzun handiena, baina emakumeen ahalduntzean eta kulturgintzan Carmen Barojak ere izan zuen bere sona. 1883ko abenduaren 10an jaio zen Iruñean, baina bere aitaren langintza zela eta, bizitoki ezberdinak izan zituen: Iruñea, Sestao, Donostia, Madril eta Bera. Izan ere, gaztetan familiarekin leku batetik bestera ibili ostean, bere anaiek egin bezala bere bizitza artistikoa garatzea erabaki zuen, nahiz eta inguruak hainbat oztopo jarri.
1913an hogeita hamar urte zituela ezkondu zen Rafael Caro Raggiorekin. Garai horretan ez zen ohikoena adin horretan ezkontzea, salbuespena autonomia ekonomikoa zuten emakumeak ziren, eta hori zen Barojaren kasua.
1925ean Madrilen antzerki eskola berritzaile baten sorreran hartu zuen parte, ‘El Mirlo Blanco’ deiturikoa, eta urtebete beranduago Lyceum Club Femeninoa sortu zuen, emakumeen ahalduntzea kulturaren bidez indartzea izanik bere xedea. 1933an, ‘El encaje en España’ liburua argitaratu zuen, oihartzun handia izan zuena; horren ondorioz, Museo del Pueblo Español-eko batzorde exekutiboko kide izendatu zuten.
Gerra Zibilak Beran harrapatu zuen, barojatar gehienak bezala, Itzea etxean; senarra, berriz, Madrilen geratu zen. 1938tik aurrera, ‘Mujer’ aldizkarian idazten hasi zen, Vera de Alzate izengoitiarekin. Eleberri bat idatzi zuen, ‘Martinito, el de la Casa Grande’, eta argitaratu ez ziren hainbat idazlan.
Gerra ostean familia Madrilera itzuli zen. Buenos Airesko ‘La Nación’ egunkariko artikulugilea izan zen.
Madrilen zendu zen, 1950eko ekainaren 4an.