Hamabost egunez mundu osoko zinema izarren oinak laztandu ostean, Canneseko Film Jaialdiko alfonbra gorri ikonikoa bigarren bizitza baten bila dago. Kiloa euro batean dago salgai Marsellan, bertako artista eta diseinatzaileen eskura. Helburua material hori berrerabiltzea da.
«Alfonbra nagusia egunero aldatzen da, eta jaialdiko bigarren astean beheko parte osoa aldatzen da. Goiko parte osoa atzo aldatu genuen, izarrek alfonbra ederra izan dezaten», azaldu du Sullivan Fenech jaialdiko dekoratzaileak, lanean ari zen bitartean. Bere ustez, «alfonbrak oso oso azkar zikintzen dira, batez ere euria egiten badu».
Bonnie Guespin, ‘Réserve des arts’ enpresako salmenta zuzendaria da, eta bere lana iristen zaizkien alfonbrak aztertzea da. «Zati asko iristen zaizkigunez, batzuetan zuloak daude eta aspiragailuarekin kendu beharreko zikina ere badago. Baina horren gainetik, neketsuena da alfonbra lurrera itsasteko erabiltzen den kola kendu behar dugula oihalarekin lana ondo egin ahal izateko», aipatu du.
Dioenez, ilea edo zigarrokinak egon daitezke, edo txorien kakak, zapatekin utzitako markak edo ekipazio teknikoa mugitzerakoan utzitako aztarnak. «Alfonbra lotzeko moduak ere eragin dezake, materiala ondatu dezakelako. Pieza bat kolpatua izan bada, edo zintarekin lotua, akatsak agertuko dira, eta horiek konpondu egin behar ditugu ahalik eta egoerarik onenean eskaintzeko», azpimarratu du.
Berrerabili, birziklatu aurretik
‘Réserve des arts’ enpresa zaborren kudeaketaz arduratzen da. Canneseko jaialdiak, berez, diru bat ordaindu beharko luke bere zaborra kudeatzeko, eta enpresa honekin lana eginez prezioa altuagoa bada ere, jaialdiak materiala berrerabiltzaren alde egin du, zuzenean birtziklatzera bota aurretik.
Jeanne Re da ‘Réserve des arts’-eko koordinatzailea, eta bere esanetan alfonbra gorri hori ikonikoa da. Hala ere, erabaki dute prezioarekin ez espekulatzea, eta kiloa euro batean saltzea, alegia, 33 zentimo inguruan metro karratua, merkatuko prezioarekin alderatuz oso eskaintza ona da.
«Ematen dioten erabilerak askotarikoak dira. Adibidez, ikasleek antolatu duten festa handi batean lurra estaltzeko erabiltzen dute. Badago elkarte bat alfonbrak behar dituena urte amaieran haurrekin desfileak antolatzen dituelako. Zinema eskolek graduazio zeremonietarako podiumak estaltzeko erabiltzen dute. Eta badago jendea zati txikiak erosten dituena beren diseinuak egiteko, esaterako, kapelak, zapatilak edo poltsak», kontatu du Rek.