GAUR8

Ozeanoen Nazioarteko Egunaren oroipena egingo du EHUk astelehenetik aurrera Bizkaia Aretoan

Ozeanoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez hainbat jarduera prestatu du EHUk Bizkaia Aretoan hilaren 17ra arte. Astelehenean abiatuko da programazioa ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ ekimenaren ekitaldi nagusiarekin eta hausnartzera gonbidatuko duten hitzaldi eta erakusketekin.

Ozeanoen kontserbazioaren garrantzia izango da programazioaren ardatz nagusia.
Ozeanoen kontserbazioaren garrantzia izango da programazioaren ardatz nagusia. (Maddi SOROA | FOKU)

Astelehenetik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatuta, hainbat jarduera izango dira Bizkaia Aretoan, Ozeanoen Nazioarteko Egunaren harira. Ekimenaren inguruan, itsas ekosistemen kontserbazioarekin eta babesarekin duen konpromisoa berretsi nahi du Unibertsitateak, eta «ekintza zehatzak hartzeko beharra nabarmendu» du.

Jendarte osoari luzatutako gonbidapena ere bada astelehenetik aurrerako programazio hori. Nerea Jauregizar EHUko Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko zuzendariaren hitzetan, aukera bat da gogoeta egiteko «gutako bakoitzak ozeanoak babesteko duen zereginari buruz eta haien osasuna bermatzeko ahaleginak» batzeko.

Programazioa ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ proiektuaren ekitaldi nagusiarekin abiatuko da astelehenean bertan, ekimenaren barruan egindako lanak eta lorpenak zabaltzeko. «33 ikastetxe eta elkarte ezberdinek parte hartu dute STEAM proiektu horretan» azken ikasturtean eta taldeen %33 inklusiboak izan dira. Azpimarratu dutenez, guztira 1.080 herritar-zientzialari ibili dira, 12 hondartzatako mikrodibertsitatea eta mikroplastikoak aztertzen».

Cimasub Donostiako Nazioarteko Urpeko Zinemaldiko film laburren proiekzioak bi emanaldi izango dira goizean zehar, eta hausnarketan sakontzeko bi hitzaldi: Jon Molinero Ortiz doktorearen ‘Sea Turtle conservation and coastal microplastic pollution in Northern Ecuador (pacific Ocean)’, eta nabigazio iklusiboan esperientzia duen gizarte langile eta LGTBQ+ eta desgaitasunaren aktibista den Artemisa Gonzalezen ‘Gorputz dibertsoak entzuten dituen zientzia: Irisgarritasuna itsas-jardueretan».

‘Oceanus Plasticus’ erakusketa eta proiektua

Programaren barruan, halaber, ‘Oceanus Plasticus’ erakusketa egongo da ikusgai Bizkaia Aretoan. «Arte ederren Fakultateko Leire Fernandez era Eduardo Herrera irakasleek landutako irakaskuntza-proposamenaren emaitza da, «Erdi Aroko kartografien bestiarioetan itsasoari buruz zabaltzen ziren ohartarazpenen eta madarikazioen bertsio modernoa da». 

Zehaztu dutenez, «espezie ozeanikoen eta gizakiak sortzen dituen eta gure itsasoak inbaditzen dituzten hondakinen arteko elkarreraginetik sortutako izaki berriak ikusi ahal izango dira erakusketan zehar». 

Proiektuak Fakultateko Sorkuntza era Diseinu Graduko azken ikasturteko 100 ikasle baino gehiagoren parte hartzea izan du bi ikasturtean zehar, baita Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileena ere. Gauzak horrela, identifikatutako itsas-animalien 250 irudi inguru sortu dituzte ikasleek, «egunerokotasunean botatzen ditugun plastikozko objektuak marrazkietan txertatuz», eta erakusketaz gain liburu bat ere argitaratu dute. 

Mikroplastiko zuntzak eta mikroalgak. (EHU)


Ekainaren 10etik 17ra, bestalde, euskal kostaldean egindako ikerketa-lanen erakusketa izango da ikusgai, hondartzetan dagoen biodibertsitate mikroskopikoa era mikroplastikoak ezagutarazteko. Herritarrek egindako «poster zientifikoak, maketak, jolasak, euskarriak eta mila sorpresa ikusi ahal izan dira», aurreratu dute EHUko iturriek.