GAUR8

Arabako Foru Aldundiak eta Lakuak hitzarmena sinatu dute Gebaratarren dorrea birgaitzeko

Arabako Foru Aldundiak eta Lakuako Exekutiboak lankidetza hitzarmena sinatu dute Gebaratarren dorretxearen erabilera turistikoko proiektu bat garatzeko. Done Jakue bidearekin lotuta, multzoaren interpretazio didaktikorako gune gisa aurkeztu dute egitasmoa.

Gebaratarren dorre-jauregia, irudian.
Gebaratarren dorre-jauregia, irudian. (Wikimedia Commons)

Arabako Foru Aldundiak Turismo, Lakuako Gobernuko Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du, Gebaratarren dorretxearen erabilera turistikoko mantentze eta birgaitze proiektua gauzatzeko.

Done Jakue Bideari atxikia, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago, ‘Gebaratarren dorretxea: Araba bidegurutzea’ proiekturako.

Turismo eta kultura baliabidea

Pasa den asteartean sinatutako hitzarmenaren bidez, bi erakundeen arteko lankidetza egituratzen da proiektu hori gauzatzeko. Egitasmoak «lehen mailako» baliabide turistiko eta kultural bihurtuko du multzoa, Donejakue bideari lotutako multzoaren interpretazio didaktikorako gune gisa.

Zentro horretan kultur jarduerak egingo dira barnealdean eta kanpoaldean, eta irisgarritasuna emango zaio multzoari. 2026ko lehen seihilekorako aurreikusita dago. 

Arabako iparraldean, Barrundiako udalerrian kokatuta, Gebarako herrian dago dorretxea. XII. eta XIV. mendeen arteko eraikuntza da, eta horrela izendatuta dago 80ko hamarkadatik.  

Birgaitzeko proiektuaren harira, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu zuen urte hasieran proiektuaren bidez historia babesteaz gain jendearen eskura jarriko duela, eta aukera berriak sortuko direla «Araba osoari mesede egiten dioten itzulkin sozialerako eta dinamizazio turistikorako».