GAUR8

Durango eta Iruñea lotu zituen erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kateak, gaur dela 11 urte

2014ko ekainaren 8an Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea burutu zen, Durango eta Iruñea udalerriak elkar lotu zituelarik. 150.000 pertsona baino gehiago batu ziren Gure Esku Dagoren egitasmora.

Erabakitze eskubidearen aldeko Gure Esku Dago dinamikak antolatutako giza katea, Zumarragan.
Erabakitze eskubidearen aldeko Gure Esku Dago dinamikak antolatutako giza katea, Zumarragan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hamar urte igaro dira Gure Esku Dagoren ekimen arrakastatsuenetik, Iruñea eta Durango giza katearen bidez lotu zituenetik. Orotara, 123 kilometro osatu zituzten 150.000 herritarrek. ‘gure ESKU bidea’ goiburutzat hartu zuen azken urteetako ekimenik jendetsuenak.

Goizeko 10.00ak aldera hasi ziren herritarrak beren kilometroetara iristen, eta eguerdiko 12.00etarako osatu zen katea. Iruñeko Antoniutti parkean abiatu zen katea, Nafarroatik Gipuzkoara sartu, eta Arrasatetik Elorriora, ostean Abadiñora eta amaitzeko Durangoko Landako gunera iritsiz.

Herritarren erabakitzeko eskubidea jarri zuten erdigunean ekimena aurkezterakoan: «Ekimen kolektibo honetan, herritarrek hartuko dute protagonismo osoa, herri gisa gure etorkizuna guk geuk erabakitzeko eskubidea dugula eta eta erabakia herritarroi dagokigula baieztatzeko».

Alderdi politikoek hartutako posizioari dagokionez, EAJk, EH Bilduk, Podemosek eta Ezker Batuak hasieratik babestu zuten ekimena. Ezker Anitzak eta Iratzarri-EKIK ez zutela parte hartuko iragarri zuten, «ekimena nahasgarria» zela iritzita. Eta PSE-EE eta PP hasieratik agertu ziren erabakitzeko eskubidearen eta Gure Esku Dagoren aurka, nahiz eta, PSE-EEko Gemma Zabaletak ekimenean zein ekimenaren aurreko hainbat mahaingurutan parte hartu zuen.