
Gidabaimenak Euskaraz egitasmoaren barruan zenbait udalek 300 euroko laguntza emango diete ziklomotor eta autoko gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egiten duten 23 urte arteko gazteei. Lakuako Gobernuak babestu eta Euskadiko Autoeskolen Federazioak koordinatu, kudeatu eta zuzentzen du aipatutako proiektua.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Autoeskolen Elkarteak (APAVI) elkarlanean jardun dute azken urteotan Alkarbiderekin, herrialdeko euskara zerbitzuen bilgunearekin, gidabaimena euskaraz lortzea errazteko.
Alkarbidek jakinarazi duenez, Gidabaimenak Euskaraz ekimena 2010az geroztik garatzen da Bizkaiko hainbat udalerritan, hala nola Basaurin, Erandion eta Getxon. Hala, udal horiek euskarazko materialak eman dizkiete autoeskolei, sentsibilizazio-kanpainak egin dituzte, informazio-hitzaldiak eskaini dituzte, sariak banatu dituzte eta dirulaguntzak eskaini dizkiete gazteei.
Beste urte batez, udalek laguntzak handitu dituzte. Horrela, Basauriko Udalak matrikularen kostua itzuliko die Basaurin erroldatutako 17 eta 23 urte bitarteko gazteei (gehienez 300 euro) azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik. Gainera, 100 euroko erregai-txartelak zozketatuko dira.
Azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik matrikularen kostuaren %80 (300 euro gehienez) itzuliko die Erandioko Udalak Erandion erroldatutako 17 eta 23 urte bitarteko gazteei, eta 100 euroko erregai-txartela ere zozketatuko da.
Getxoko Udalak ere matrikularen kostuaren %80 (300 euro gehienez) itzuliko die 15 eta 23 urte bitarteko udalerrian erroldatutako gazteei azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik. Herri honetan 100 euroko hiru erregai-txartel zozketatuko dira.