
Alkoholikoak eta Adictos en Rehabilitación Gipuzkoa (AERGI) elkarteak ‘Fentanilo, Adicción y Sociedad’ izeneko ikastaroa bultzatu du Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) udako ikastaroetan. Ekainaren 18an eta 19an izango da, Gipuzkoako hiriburuan.
Gogoeta egin eta informazioa zabaltzeko bi jardunaldi izango direla aurreratu du elkarteak. Esan duenez, «gure gizarteak gaur egun duen drogarik indartsu eta hilgarrienetako bati buruz» hausnartzea da helburua.
Josean Fernandez AERGIko presidenteak eta Pilar Leal Estatu espainoleko Mendekotasuna duten pertsonen eta Errehabilitazioan dauden Senideen Konfederazioko (CAARFE) presidenteak hartuko dute parte hitzorduan.
Ikastaroaren zuzendaria den Fernandezen arabera, prestakuntzak hainbat helburu ditu, «hala nola adikzioen mundua gizarteari hurbiltzea, adikzioa desestigmatizatzea, fentaniloa bezalako substantzia hilgarri baten kalte pertsonalak identifikatzea, fentaniloaren ondorio soziosanitarioak ulertzea eta adikzioen errehabilitazioan Elkarrekiko Laguntza Taldeek duten garrantzia azpimarratzea».
Ikastaro honetan parte hartuko dute Gabriel Rubio Valladolidek, Urriaren 12 Ospitaleko Psikiatria Unitateko buruak, Gurutz Linazasorok, Gipuzkoako Poliklinikako neurologo ospetsuak, Francisco Pascual Pastor doktoreak, Tabakismoa Prebenitzeko Batzorde Nazionaleko (CNPT) presidenteak, Felix Zubia Olaskoagak, HUDko (Osakidetza) Intentsiboen Unitateko buruak eta Joseba Muñoz Diazek, Aldakonea Egoitzako mediku geriatrak.