Adin nagusikoak eta suizidioa, ikusi eta artatu beharreko binomio kezkagarria
Zahartzaroa eta tristura bidaideak izango direla oso barneratuta dago jendartean, adinekoak triste egotea ‘normaltzat’ jotzeraino. EHUko Qualiker ikerketa taldeak fokua jarri du binomio horretan, eta suizidiorainoko tristuraren nolakotasuna ikertu du.

Adina eta suizidioa esaldi berean josten direnean, gazteengana joan ohi da fokua. Ez alferrik, 15-29 urte bitarteko herritarren artean lehenengo heriotza kausa bihurtu da, gaixotasunen eta istripuen aurretik. Baina datuak patxadaz begiratuz gero, kasik ikusezina bihurtu den errealitate bat bistaratzen da: suizidio-tasarik altuenak dituen taldea adin nagusikoena da, bereziki 80 urtetik gorako pertsonena.
EHUko Qualiker ikerketa-taldeak berriki ikerketa bat egin du adineko pertsonen egoera sozioemozionala aztertzeko. Hego Euskal Herriko 65 urtetik gorako 378 herritarrek parte hartu dute bertan, euskal eta erdal hiztunak denak. Euskal Herrian adinekoen ideazio suizidaren inguruan eta lagin esanguratsu batekin egiten den lehen ikerketa da. Normalean literatura zientifikoan adinekoekin egiten diren ikerketak tamaina horretakoak izaten dira, zaila delako adinekoengana iristea. Parte hartzeko irizpidea izan da dementziarik ez izatea edo galera kognitibo esanguratsurik ez izatea. Datuak argigarriak izan dira, %13k adierazi du ez duela bizitzen jarraitu nahi, eta %3k bere buruaz beste egiteko pentsamenduak dituela aitortu du.
Ikerketak mahai gainean jarri duen ondorio nagusiena zenbakietan neurtzea ez da erraza: jendarteak orokorrean “normaltzat” jotzen du adineko pertsonak triste egotea. «Arreta gehiago ematen du gazte bat triste ikusteak. Adinekoak triste ikustea normaltzat jotzen da. Alderantziz, adinekoak pozik, bizipozez, ikusten ditugunean, horrek ematen digu arreta, eta esan ohi dugu ‘nik horrela iritsi nahiko nuke zahartzarora’. Hori oso lotuta dago zahartzaroari buruz daukagun irudiarekin», azaldu du Joanes Lameirinhas Ortuostek, ikerketa taldeko kide, psikogerontologo eta EHUko Psikologiako irakasle eta ikerlaria denak. Pasa den martxoan defendatu zuen bere tesia; “Hauskortasun psikologikoaren definizioa eta ebaluazioa zahartzaroan. Hauskortasun multidimentsionala, bakardadea, antsietatea eta depresioa ebaluatzeko tresnen eraikuntza eta egokitzapena”.
«Adineko pertsonen egoera sozioemozionala aztertzen saiatu gara. Hauskortasuna normalean termino fisikoetan neurtzen da, pertsona bat desgaitzen joaten denean eta zaurgarritasun egoera oso nabarmena denean. Baina badira desgaitzaileak diren beste egoera batzuk; afektiboak, kognitiboak eta sozialak. Kontzeptu hori zabaldu egin nahi izan dugu. Askotan egoera fisikoari bakarrik begiratzen zaiolako», agertu du ikerketaren abiapuntua Lameirinhasek.
Zahartzaroa eta ongizate emozionala ikerlariari bereziki interesatzen zaizkion eremuak dira. «Adineko pertsonetan espezializatu naiz eta aurretik lan esperientzia izan dut erresidentzietan. Nire fokua beti egon da adineko pertsonetan. Ikusten dut badela talde bat orokorrean ez duena interes handirik pizten osasun profesionaletan. Psikologiako ikasleen kasuan, gehiengoak ez du pentsatzen etorkizunean adineko pertsonekin lan egitea, ez behintzat hasiera batean. Egia da praktikak egiteko plaza asko daudela adinekoen egoitzetan eta, gero, esperientzia hori bizitzen dutenean, askori gustatu egiten zaiela eremu hori eta akaso beren ibilbide profesionala horra bideratzen dutela. Baina, orokorrean, eta zoritxarrez, ez da bereziki motibatzen duen lan esparru bat», iritzi dio ikerlariak.
Bizi dugun jendartean, nahiko joera sintomatikoa da; zahartzaroa gero eta bistakoagoa izan arren, adin nagusiko herritarrak gero eta gehiago izan arren, ikusezin izaten jarraitzen du zahartzaroak, edo ez ikusiarena egiten dugu. Gure etorkizuneko burutazioetan, inoiz pentsatzen ote dugu nola zahartu nahi dugun? «Ez dago planifikaziorik. Irudikatzen ditugu gure buruak etorkizunean, baina ‘nola zahartuko naiz’ galdera ez diogu egiten geure buruari. Horrexegatik, hain justu, pertsona batzuentzat jubilazioa oso gogorra da. Bat-batean denbora asko dauka, galdera existentzial asko sortzen dira. Iristen zara puntu batera non gizarteak berak zahartu egiten zaituen», dio Lameirinhasek.
Joera demografikoek errealitate bat jartzen digute begien aurrean: gero eta adineko herritar gehiago daude eta egongo dira. «Goazen pentsatzera nola zahartu nahi dugun. Agian gehiago hitz egiten da, baina nahiko modu abstraktuan. Esaten da ‘gizartea zahartzen ari da’. Distantzia markatzen da, baina gizartea gu gara». Gogoeta horretatik abiatu da aipatu ikerketa, adineko herritarren ongizate emozionala erdigunean jartzeko beharretik.
ASKOTARIKO ALDAGAIAK
Ikerketa egiteko orduan, hainbat ezaugarri izan dituzte kontuan: ezaugarri soziodemografikoak -generoa, adina, egoera zibila, ikasketa maila, lanbidea...-, bizi gertaerak, erorketak eta ospitaleratzeak azken urtean, gaixotasunak eta medikazioa, esaterako.
Horiez gain, psikologikoagoak diren aldagaiak ere neurtu dituzte, eta hemen dago ikerketaren gakoa, gutxitan aztertu baitira horiek guztiak batera. «Bakardadea, antsietatea, depresioa, bizi kalitatea, karga sentimendua, kezkak, erresilientzia psikologikoa, hautemandako kontrola -zer puntutaraino sentitzen dudan nik nire bizitzan erabakiak har ditzakedala-. Oso alderdi interesgarria da eta oso gutxitan ikertu da. Suizidioaren kasuan aldagai garrantzitsua da gainera», azaldu du psikogerontologoak.
Zahartzaroarekiko jarrerak ere badu bere pisua. «Adineko pertsonen artean ere badituzte aurreiritziak, eta batzuei ez zaie gustatzen bere adinekoekin erlazionatzea. Jarrera negatiboa badaukazu zahartzearekiko, horrek ere eragin dezake zure osasunean».
Hautemandako babes soziala, bizitzarekiko asebetetasuna, ideazio suizida eta eguneroko dependentzia maila ere neurtu dituzte, aldagai horiek guztiek eragin zuzena baitute pertsonen ongizate emozionalean.
Lameirinhasek azaldu duenez, «ikerketa horrekin hasi ginen eta konturatu ginen ideazio suizida aztertzeko beharra zegoela. Nazioartean badira adineko pertsonen eta ideazio suizidaren inguruko ikerketak, baina batez ere depresioan eta eguneroko bizitzako jarduerak egiteko independentzia mailan zentratzen dira, ikusi delako aldagai aurre-esaleak direla, pista esanguratsuak. Baina iruditzen zitzaigun bazirela beste aldagai batzuk ikertu beharrekoak».
IKERKETAREN NONDIK NORAKOAK
Suizidioaren inguruko ikerketa gehienak nerabeetan eta gazteetan zentratzen dira. «Zentzua dauka, adin talde horretan heriotzaren lehen kausa bihurtu delako. Baina ikertzaile bezala, nire sentsazioa da adineko pertsonekin ikertzea zailagoa dela, oso zaila delako populazio horrengana iristea».
Nerabeak eta gazteak heziguneetan egon ohi dira eskuragarri. Adineko pertsonen kasuan, askotariko egoerak bizi dituzte eta beti ez da erraza haiengana iristea. «Denetarik egin dugu. Adineko pertsona batzuk erresidentziatan identifikatu ditugu. Baina lagina zabalagoa izatea nahi genuen, populazioaren ahalik eta adierazgarriena izateko. Etxean bizi direnak ere hartu nahi genituen. Adinekoen elkarte desberdinetara jo dugu; izan pentsiodunen elkarteak, jubilatuen etxeak… eta hortik zabaltzen joan gara. Baina hor bada arrisku bat, normalean elkarte horietan parte hartzen duten pertsonak aktiboenak izaten direlako. Ez da erraza eguna etxean pasatzen duen horrengana iristea, baina lortu dugu. Gizarte zerbitzu batzuk ere inplikatu dira ikerketan eta lagundu digute», azaldu du metodoa ikerlariak.
Kasu gehienetan aurrez aurreko ebaluazioak izan dira. Ikerlariak konfiantzazko harreman bat sustatu du ikerketan parte hartu duten herritarrekin. Hortik aurrera, ideazio suizidaren inguruko bost galdera oso zuzen. «Ez zuten inolako arazorik erantzuteko. Lehen galdera, ideazio suizida pasiboa deitzen dioguna da. ‘Nik ez dut ezer egingo hiltzeko, baina ez nuke bizirik jarraitu nahi’. Bigarrena, ‘zure burua akabatzeko pentsamenduak izan ote dituzun’. Aktiboagoa da, baina maila baxuan. Hirugarrena, ‘pentsatzen aritu naiz nola egin’. Planifikazio bat ematen hasten da. Laugarrena, planifikazio hori egiteko asmoa izan ote duen. Eta bosgarrena, saiakera egin ote duen. Bereziki arriskuan daudenak dira hemen baiezkoa ematen dutenak».
Ondorioek zer pentsatua eman beharko lukete: %13k ideazio suizida pasiboa zuen. Hamarretik batek ez zuen bizitzen jarraitu nahi. Eta %3k hiltzeko pentsamenduak zituen.
«Kasu bat identifikatu genuen egiteko zorian zegoena, eta esku hartu behar izan genuen. Erresidentziatan egindako galdeketa horietan identifikatu nituen hainbat pertsona arrisku egoeran zeudenak. Erresidentziatan dugun egoera prekarioa da, psikologo bakarra dago agian 200 pertsonentzat. Ez zara iristen eta ez dago ebaluazio sakona egiteko modurik. Egon daiteke ideazio suizida daukan pertsona bat eta psikologoak ez identifikatu, zoritxarrez. Bertako psikologoak maiz ezin ditu identifikatu egoera horiek ez daukalako baliabide nahikorik, denborarik, alegia», esan du Lameirinhasek.
Aipatu bezala, ikertzaileek zuzeneko elkarrizketak izan dituzte, zuzeneko ebaluazioa. Horri buruz hitz egitea bera bada bide bat hasteko modua. Norbaitekin partekatzea, “hau daukat buruan” eta ahoz gora esatea, terapiaren lehen pausoa izan daiteke. «Suizidioaren inguruan hitz egitea lagungarria izan daiteke. Batzuetan mito bat dago suizidioaren inguruan, eta pentsatzen da horren inguruan hitz egiteak eragingo duela pertsona horrek bere buruaz beste egitea, normalizatzeko forma bat dela. Baina egiatan, pertsona horrek pentsamendu horiek adierazteko aukera izateak pertsona hori askatu egin dezake. Entzuna sentitzen da, ez da epaitua sentitzen eta ikusten du aukera duela norbaitekin horren inguruan hitz egiteko. Hori, azkenean, terapeutikoa da».
Adineko pertsonekin suizidioaz hitz egitea ez da erraza. «Normalean erlijioa oso errotuta dute eta erlijioan ez dago ondo ikusita suizidioaren kontua. Errua sentitzen dute. Orokorrean, bizi izan dituzten garaietan suizidioaz ez zen hitz egiten eta hitz egiten zenean oso modu txarrean egiten zen».
FAKTORE ARRISKUTSUAK
Ikerketak identifikatu du badirela zenbait aldagai aurre-esale adineko pertsonetan; alegia, ideazio suizida bat egon daitekeela adierazten dutenak. Kasu hauetan, generoen arteko aldeak esanguratsuak dira. Adibidez, alarguntzea aldagai aurre-esalea da batez ere gizonezkoetan.
Lameirinhasen esanean, «askotan pentsatzen da, oker, emakumeak emozionalki mendekoagoak direla. Baina kontrakoa ikusten dugu maiz. Emakumeek normalean aurrera egiten dute alargundu eta gero ere. Gizonezkoen kasuan, alarguntzen direnean, beren bizitzaren zentzua galtzen da batzuetan, hauskorragoak sentitzen dira, bakardade sentimendua areagotzen da. Sozializazio prozesua izan den bezala, orokorrean emakumeak izan dira zaintzaileak bikotean».
Bada beste aldagai aurre-esale bat: ingurukoentzat karga bihurtu izanaren sentipena. Emakumeetan esanguratsuagoa da. «Emakume asko zaintzara erabat bideratuak egon dira, eta haiek zaintza jaso behar dutenean, egoera hori oso gogorra egiten zaie. Segur aski emakumeak oso kontziente direlako zaintzak zer-nolako kostua duen. Beraiek zaintzaileak izan dira eta badakite zer den».
Ikerlariaren esanean, gizonezkoen gehiengoak ez du pertzepzio hori. «Karga sentimenduari buruz hitz egitean, zaintza horiek jaso behar dituztela pentsatzen dute. Zainduak izan behar dutela. ‘Zor didate zaintza. Ni izan naiz familia aurrera atera duena’. Batzuek horrelaxe berbalizatzen dute. Aldiz, emakumeen gehiengoak ez du lanik eman nahi».
Eguneroko jarduerak aurrera eramateko dependentzia gero eta handiagoa izan, ideazio suizida orduan eta handiagoa da, emakumeetan batez ere. Gizonezkoetan ez da hain deigarria.
Depresioa eta hautemandako kontrola, berriz, faktore aurre-esaleak dira bi generoetan. Gakoa honakoa da: “Zein neurritan naizen gai erabakiak hartzeko nire bizitzan, zein neurritan daukadan nire bizitzaren kontrola. Zein neurritan naizen baliagarria nire egunerokoan”.
Lameirinahasen ustez, kontrolaren aldagaiak pisu handia dauka. «Pertzibitzen duzunean ez zarela baliagarria, ez duzula ezer aportatzen, ezin dituzula erabakiak hartu seme-alabei galdetu gabe... sentsazio oso mikatza da, eta hori bada arrisku faktore oso garrantzitsu bat. Eta hor psikologo bezala lagundu dezakegu».
Lameirinhasen ustez, badira bideak adinekoen kontzientzia hori aldatzen saiatzeko. «Adinekoen egoitzak datozkit burura. Askotan, jarduerak oso programatuta daude eta ez dira pertsonalizatuak: orain denak marraztera. Eta igual ez zaie marraztea gustatzen. Kontzientziazio bat egon da jarduera horiek osasun fisikoari lotutakoak izan daitezen, beren gaitasun fisikoak mantentze aldera behintzat. Baina hautemandako kontrolaren gainean ez da asko egiten. Adibidez, adineko pertsonak sartuko bagenitu erresidentziatako erabakietan, onuragarria litzateke. Batzorde desberdinetan sartu eta denon artean antolatu. Horrek areagotu egin dezake hautemandako kontrolaren pertzepzioa. Egia da egoitzetan baliabide mugatuak dituztela, baina gauza batzuk egin daitezke».
EGOERA SOZIOEMOZIONALA
«Beharra ikusten genuen adineko pertsonen egoera sozioemozionala aztertzeko, ia ez dagoelako ikerketarik», nabarmendu du ikerlariak.
Zahartzaroa eta tristura lotzen dituen estereotipoa oso presente dago egun, eta horrek kalteak ekar ditzake osasun arreta jasotzeko orduan. «Estereotipoen kontua, adinekoen kasuan, landu beharreko zerbait da. Horien ondorioz axolagabekeriak eman daitezke, eta tristura egoera horiek suizidioan amaitu daitezke. Osasun zientzietan landu beharreko zerbait da, osasun arreta zuzena ematen duten profesionalek kontuan hartu beharreko zerbait da».
Adin nagusiko jendearen egoera emozionalaren inguruko diagnostikoa ez da erraza. Ondoez emozionala detektatzea eta osasun mentaleko profesional batengana gerturatzea ez da haien buruan kabitzen normalean.
«Diagnostikoa familia medikuak egiten du gehienetan. Oso hedatuta dago lehen mailako medikuak adineko pertsonei antsiolitikoak preskribatzea, diagnostiko bat ez dagoenean ere. Orduan, oso zaila da neurketak ondo egitea. Adineko pertsona askok hartzen dituzte antsiolitikoak -lotarako, adibidez-, eta horien gainean egoera emozionalaren neurketa bat egitea oso zaila da, dagoeneko medikazio bat dagoelako», azaldu du psikogerontologoak.
Kasuak detektatzeko eta esku hartze egoki bat bideratzeko lehen pausoa begiratua aldatzea da, beraz: ez normalizatzea adinekoak triste egotea.
«Testuinguru soziohistoriko jakinetik datoz, non bizirautea zen lehentasuna, aurrera egitea eta bizirautea. Beraz, gaur egun erronka handienetakoa da haiek ez digutela adierazten triste daudela. Ez dira kexatzen. Eta adinekoen kasuan ohikoa da modu somatikoan adieraztea beren tristura edo egonezina. Modu errepikatuan esaten digutenean mina dutela, atentzioa jarri beharko genioke horri. Egon daiteke min hori sortzen duen gaixotasun fisiko bat, baina ez badago horrelakorik, akaso depresio baten sintoma izan daiteke. Akaso ez dira gai sentitzen duten hori adierazteko, baina gorputzean agertzen da modu somatikoan. Adi egon behar dugu».
Arreta jarri eta, beharrezkoa ikusten bada, profesionalei laguntza eskatu. Baina ez, ez da “normala” adinekoak triste egotea.