
Irailera bitarte 11 bisita gidatu antolatu ditu Gerediaga Elkarteak, Durangaldeko herri ezberdinetako ondarea eta historia ezagutzeko, eta lehen biak asteburu honetan izango dira, larunbatean eta igandean. Bisitak doakoak dira, euskaraz, eta Urkiolako Landa Garapena zerbitzuaren babesa dute.
Berez 11 bisita baino gehiagok osatzen dute prestatutako katalogoa. Zehaztu dutenez, taldeei eskainitako 16 bisita eskaintza eskuragarri dago Gerediaga Elkartearen webgunean.
Urkiolako Parke Naturalean izango da egitarauaren lehen geldialdia, larunbatean eta igandean. Azaldutakoaren arabera, Urkiolan zeharreko ibilbidea izango da eta Saibi mendiraino helduko da, 1936ko gerrako lubakiak ikusteko.
Igandean, Mañaria herrian barna ibiliko dira parte hartzaileak, baserri, benta eta harrobiak ezagutuz.
«Hiru eta bi ordu eta erdiko bisitak dira. Mendi ibilbidea da lehenengoa, eta bigarrena errepidean zehar izango bada ere, leku aldapatsu eta malkorretan ibiliko gara batzuetan. Horregatik, mendiko oinetakoak eta arropak ekartzea eta norberak urak eta jatekoa eramatea
gomendatzen dugu», nabarmendu dute antolatzaileek.
Doako jarduerak dira, baina lekua mugatua denez, derrigorrezkoa da aurretik izena ematea, Gerediaga Elkartera deituta (946818066) edota gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora mezua bidaliz.
Ohartarazi dutenez, antolakuntzakoen baieztapena beharrezkoa izango da bisitan parte hartzeko.