Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Denboraren joana telesailen narrazioetan

Urte luzez hedatzen diren telesailek xarma berezia dute: ikusleari pertsonaien bilakaera sakona jarraitzeko aukera ematen diote, baita haien arteko harremanen eta bizi diren ingurunearen aldaketak ikusteko ere. Berriki estreinatu duten «Blossoms Shanghai» horren adibide garbia da.

“Say Nothing” telesailak lau hamarkadatan IRAko zenbait kide Ipar Irlandan nola bizi diren azaltzen du.
“Say Nothing” telesailak lau hamarkadatan IRAko zenbait kide Ipar Irlandan nola bizi diren azaltzen du. (GAUR8)

Pantaila handira une batez jauzi eginez, Richard Linklater maisua da denbora elementu narratibo gisa erabiltzen; bere lanek erakusten dute denboraren joanak istorio bat eta haren pertsonaiak sakonki aberastu ditzakeela. Adibide ikoniko bat “Boyhood” (2014) da: 12 urtez aktore berberekin filmatua, protagonistaren benetako hazkundea erakusten du haurtzarotik gaztarora. Linklaterrek denbora erabiltzen du ez bakarrik aldaketa fisikoak islatzeko, baita emozionalak, sozialak eta kulturalak erakusteko ere. “Before” trilogia ere adibide aparta da.

«THE UP SERIES» ESPERIMENTUA

Gaurko gaia traman urte asko islatzen dituzten telesailak aztertzea bada ere, “Boyhood” aipatzen hasi naizenez, ezinbestekoa da pantaila txikiko kasu harrigarri bat nabarmentzea: “The Up Series”. Zortzi dokumentaleko serie bat da, eta zazpi urtean behin elkarrizketatzen diren Britainia Handiko 14 pertsonaren bizitzari egiten dio jarraipena. Lehen atalean, guztiek 7 urte zituzten. Proiektua 1964an hasi zen, Paul Almondek Britainia Handiko gizarteko sektore sozioekonomiko ezberdinetako 14 haur elkarrizketatu zituenean. Handik aurrera, zazpi urtetik behin, Michael Apted zuzendariak “esperimentu antropologiko” horrekin jarraitu zuen, pertsona berak elkarrizketatuz. Zortzigarren zatia 2019an eman zuten, “63 Up - The Up Series” izenburupean.

DENBORAREN JOANA NARRAZIOAN

Gatozen, beraz, istorioan (ez filmaketan) denboraren joana islatzen duten zenbait proposamen interesgarri aletzera. Hamarkada askotan garatzen diren tramek ez dute soilik pertsonaien erretratua eskaintzen; bizipen horien kokagunearen eraldaketa historikoa, soziala eta kulturala ere erakusten dute.

ASIAKO EKIALDEA: «BLOSSOMS SHANGHAI» ETA «PACHINKO»

Shanghaiko neonen distira lausoan, “Blossoms Shanghai” telesailak denboraren hariari helduko dio hasieratik, eta 1960ko hamarkadatik XXI. mendearen lehen urratsetarainoko bidaia poetikoa egingo du. Kontakizuna 90eko hamarkadan abiatzen da, Shanghaiko burtsa irekitzearekin batera; gorakada ekonomiko ikaragarri baten abiapuntua, aukera eta arriskuz beteriko aro baten ataria.

Ah Bao da istorioaren bihotza, Ge Hu aktore txinatarrak hezurmamitzen duen pertsonaia: haren eraldaketa erakusten du telesailak, txiro izatetik finantza munduko enpresaburu boteretsu izaterainokoa. Haren gorakadak hiriaren beraren eraldaketa islatzen du, norbanakoaren eta metropoliaren arteko ispilu joko gisa.

Wong Kar-Wai zinemagileak bere sinadura estilistikoari eusten dio: egitura zatikatua, flashback-en dantza malenkoniatsua, barne-bakarrizketen xuxurlak eta ia onirikoa dirudien giro estetikoa uztartzen ditu. Ikusleak hasieratik ulertu behar du “Blossoms Shanghai” ez dela telesail konbentzional bat, baizik eta esperientzia sentsorial bat: malenkoniaz tindatutako bidaia bisual bat da, patxadaz gozatzekoa. Lehen atalak erritmo geldo eta estilo berezi batez josten dira, eta ez da erraza haien tonura egokitzea. Baina behin barrura sartuta, zentzumenei heltzen dien eta hipnosira daraman obra bihurtzen da.

Hego Koreako “Pachinko” telesailaren istorioak XX. mendeko Koreatik Japonia eta Ameriketako Estatu Batuetara eramango gaitu, Koreak Japoniaren inbasioan bizi izan zuen errealitatearen zati bat ezagutarazteko. Bidaia hori Sunjaren begietatik egingo dugu, 1920ko hamarkadan hasi eta 1989ra arte. Testuingurua oso zabala izan arren, tonua nahiko intimista da. Debekatutako maitasun batekin hasten den istorio epiko eta intimoa azaltzen da, eta Korearen, Japoniaren eta AEBen artean bidaiatzen duen kontakizun bihurtzen da. Gerra eta bakea, maitasuna eta galera... era guztietako osagaiak topatuko dituzu telesail honetan.

Hori guztia oso interesgarria bada ere -are gehiago, gertaera historiko horien inguruan dugun ezjakintasuna kontuan hartuta-, jorratzen duen gaia ez da telesail honen bertute nagusia. Erakargarriena kontatzeko modua da, testuinguruaz baliatuta belaunaldi oso baten erretratua egiten baitu: seme-alabak eta bilobak aurrera ateratzeko ahal zuten guztia egin zuten emakume korearrena.

BRITAINIA HANDIA: «SAY NOTHING», «THIS IS ENGLAND» ETA «SMALL AXE»

“Say Nothing” Patrick Radden Keefe-ren izen bereko bestseller txalotuaren egokitzapena da. Lau hamarkadatan IRAko zenbait kide Ipar Irlandan nola bizi diren azaltzen du. Price ahizpak dira istorioaren ardatza. 1972. urteko abenduan, ezezagun batzuek Jean McConville bahitu zuten, hamar seme-alaba zituen 38 urteko alarguna. Radden Keefe kazetariak, kasu haren zirrikituak ikertzea erabaki zuenean, ez zuen pentsatu ere egingo Ipar Irlandako gatazkari buruzko kronika oso bat idatziko zuenik azkenean.

Telesailari izena ematen dion liburuan, dozenaka testigantza biltzeaz gain, milizia errepublikanoen profesionalizazioa, Britainia Handiko estatuaren errepresioa, indarkeriaren gorakada eta, batez ere, protagonistetako batzuen bilakaera ideologikoa erakusten ditu. Liburua argitaratu eta zazpi urtera, istorio horretatik abiatu dira “Say Nothing” telesaila sortzeko. Hasieratik, Belfasteko kaleetan murgiltzen da telesaila; hiria bera narrazioaren beste protagonistetako bat da. 70eko eta 80ko hamarkadetako Belfasten birsorkuntza aparta da, eta girotze lana xehetasunez josia dago.

Derrigorrezkoa da, halaber, “This Is England” telesaila aipatzea: 2006. urteko izen bereko filmaren jarraipena da. Filmeko gertakarietatik hiru urtera kokatutako telesaila da, eta pertsonaiak berberak dira. Hala ere, telesailak filmaren erdigunetik -arrazakeria eta skinhead kultura- urruntzen da, eta arreta handiagoa eskaintzen die bigarren aukerei, bizitza aldatzeko saiakerei eta, tartean, denboraren joan-etorriari. Hiru denboraldi ditu: “This Is England '86” , “This Is England '88” eta “This Is England '90”, bakoitza urte jakin batean girotua.

Azkenik, Steve McQueenek BBCrentzat sortu eta zuzendu zuen “Small Axe”. Kasu honetan denboraren joana ez da aitzakia bat bakarrik: plano bakoitzean taupaka ari den pertsonaia bihurtzen da. Saila osatzen duten bost atalek edo filmek -“Mangrove”, “Lovers Rock”, “Red, White and Blue”, “Alex Wheatle” eta “Education”- Londresko antillatar komunitatearen benetako zein fikziozko istorioak kontatzen dituzte, eta protagonistek une jakin batzuetan jasaten dituzten jazarpen eta diskriminazio egoerak dira haien arteko lotura nagusia. Bost zatien bidez, McQueenek 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara luzatzen den arku kronologikoa marrazten du.

ITALIA: «LA MEGLIO GIOVENTÙ»

Azken geldialdia Italian egingo dugu, oso berezia (eta bakarra) den obra bat aipatzeko: “La meglio gioventù”. Italiako familia baten historia azaltzen duen telesail laburra da, 60ko hamarkadatik 2003. urtera arte zabaltzen dena. Denborak sakonera ematen dio kontakizunari, pertsonaien eraldaketa kokatzen du eta Italiako historia kolektiboa ehuntzen duen nerbio zentrala bihurtzen da.

Ia lau hamarkadatan zehar garatzen den narrazioak aukera ematen digu Nicola (Luigi Lo Cascio) eta Matteo (Alessio Boni) anaien eta haien ingurukoen bilakaera ikusteko, Italiak une historiko esanguratsuak zeharkatzen dituen bitartean: Florentziako 1966. urteko uholdeak, 1968ko matxinadak, berunezko urteak, 70eko hamarkadako erreforma psikiatrikoak eta abar.

Horren emaitza balantze narratibo delikatua da, erredukzionismo politikoak saihesten dituena, baina aldi berean denbora indibidualaren eta denbora publikoaren arteko ispilu-efektua nabarmentzen duena.