
Txikitatik, hegaztien moduan hegan egin nahi zuen Antoine de Saint-Exuperyk. Bederatzi urterekin, herriko arotzaren laguntzaz, hegan egiteko makina bat asmatu zuen, bizikleta bat erabilita. Irakurzaletasuna ere goiz hasi zen garatzen.
Gaztetan ezagutu zuen bere lehen amodioa, Louise de Vilmorin. Ezkontza-planak izan arren, emakumearen familiak ez zuen Antoine onartzen eta bertan behera utzi zuten.
Aireko postan lan egin zuen, Aéropostale konpainian, hain zuzen. Enpresa honen filial bateko zuzendaria izan zen, Buenos Aireseko Aeroposta Argentina. Bertan ezagutu zuen bere emaztea izango zena, Consuelo Suncin.
Geroago, Latécoère enpresako pilotua izan zen, Air Franceren aitzindaria izan zena.
Bigarren Mundu Gerran, 1940ko neguan, New Yorkera joan zen babes bila eta bertan garai hartako pertsona ospetsuak ezagutzeko aukera izan zuen. Greta Garbo, Charles Chaplin eta Marlene Dietrich tartean.
1942ko uda bukaeran hasi zen ‘Printze Txikia’ idazten, Long Islandeko Bevin House etxean. Liburuaren sorreran gerrari ihes egiteko eta berriz jaiotzeko beharraren sentimendua agertzen da.
New Yorkera ihes egin zuen, baina laster itzuli zen, aliatuen eskuadroi batean Mediterraneoan zehar hegan egiteko.
1944ko uztailaren 31n, bere hegazkina (Lockheed Lightning P-38) Mediterraneo itsasoan hondoratu zen.
1998an, arrantzale batek zilarrezko besoko bat aurkitu zuen Marseillako kostaldean, eta Saint-Exuperyrena zela egiaztatu zuten. 2003ko urrian, bere hegazkinaren hondakinak aurkitu zituzten, besokoa aurkitu zuten lekutik hurbil. Hala ere, oraindik ez dira ezagutzen Saint-Exuperyren istripuaren arrazoiak.