
4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, herritarren segurtasuna babesteko zela saldu zuten, baina herri mailan Mozal Legea deitu izan zaio. 2015eko uztailaren 1ean Espainiar Estatuan ordura arte indarrean zegoen Corcuera Legea ordezkatu zuen lege organiko polemikoa da. Gaur bete dira hamar urte PPk orduan zuen gehiengo absolutua baliatuta indarrean jarri zuenetik. Egungo espainiar Estatuko gobernuak legea bertan behera uzteko asmoa agertu badu ere, momentuz ez du horrelakorik egin eta arauan oinarrituta zigortu dituzte, duela gutxi, Ernaiko ehunka kide.
"The New York Times" egunkariak editorialean jaso zuenez, «lege honek Francoren erregimenaren egunik txarrenak oroitarazten ditu eta ez dator bat nazio demokratiko batekin». Amnesty International eta Human Rights Watch nazioarteko giza eskubideen erakundeek lege honek «Espainian askatasun adierazpena eta elkarretaratze baketsuen aurkako zuzeneko mehatxua» suposatzen zuela salatu zuen.
1995eko espainiar Estatuko Zigor Kodearen erreformatik bertako Zigor Justiziak izan duen eraldaketa sakonena izan da. Indarrean sartu aurretik ere Estatu mailan nahiz Hego Euskal Herrian sekulako eztabaida, polemika eta protesta biziak piztu zituen lege aldaketa izan zen.
"Herritarren Segurtasunerako Legea"-ren ondorio esanguratsuenetako bat zigor ekonomikoak izan dira: 2015etik 2022ra, Legea aplikatzearen ondorioz, bi milioi eurotako zigorrak ezarri ziren, eta estatuak 1.100 milioi euroren baliokidea bildu zuen horiei esker.