
2026an elkarrizketa batean bota zuen: «Zahartzen zarenean atzera begiratzen hasten zara eta horrek tortikolisa baino ez du ematen». Kutxi Romero, beraz, ez da beti atzera begira dagoen horietakoa.
Rockero zahar hau (rockero zaharrek beti bihotza gazte mantentzen dute) 1975eko uztailaren 8an jaio zen Berriozarren. Gurasoak Jaenetik Euskal Herrira emigratutakoak zituen, Villanueva de la Reinakoak ziren, eta etxean flamenkoa eta koplak metatu zituen.
Rocka beranduago iritsi zitzaion, institutu garaietan. Berak aitortu duenez, nerabea zenean eta oporretan zegoenean Rosendoren abesti bat entzun zuen irratian (‘El asa del cubo’) eta, horren ondorioz, bihurtu zen rockzale amorratua. Ikasketak amaitu eta, peoi lanetan hasi zen, eta bertan ezagutu zituen Marearen sortzaileak izango zirenak, hala nola Cesar, El Piñas, Alen Ayerdi edo Kolibri.
Gazte-gaztetik poesiaren zaletasuna piztu zitzaion ere. Lehenengo poesia liburua 1999an argitaratu zuen (‘Ruidografías’) eta, paraleloan, Marearen lehenengo diskoa atera zuten, ‘La patera’, izenekoa, mitikoa bihurtu zena. Lehenengo garai haiek gogora ekarri ditu askotan egin zaizkion elkarrizketetan –garai zoro eta txundigarri haiek–, eta, egun, hainbat gauza faltan botatzen du: «Nik defendatzen dut rockeko ibilbideak badituela inork saltatu ezin dituen etapa batzuk, eta saltatzen badituzu, oso prezio altua ordaintzen duzula. Egun informazio gehiegi dago eta, batez ere, errodatzen hasteko zirkuitu bat falta da, gure garaiko gaztetxeena zoragarria baitzen».
2004ean geldialdi bat egin zuen 2007ra arte. Ordutik ez da gelditu: Marearekin diskoak ateratzen jarraitu du –Urrezko Diskoren bat dute–, beste talde batzuekin kolaborazioak lotu ditu eta nobelak eta poesia liburuak argitaratu ditu... eta Aaron semearengan jarraipena du.