
Maria Weston Chapman 1806ko uztailaren 24an jaio zen Weymouthen, Massachusettsen. Warren eta Anne Bates Westonen zortzi seme-alabetan zaharrena zen. Westondarrak aberatsak ez baziren ere, kontaktu onak zituzten. Osabak, Joshua Bates Londresko bankari aberatsak, Maria Ingalaterrara gonbidatu zuen bere heziketa osatzeko, eta gaztaroko hainbat urte eman zituen familiarekin bizitzen.
1828an Bostonera itzuli zenean, neskatoentzako eskola berri eta aurrerakoi baten zuzendari bihurtu zen: Ebenezer Bailey Andereñoentzako Bigarren Eskolakoa, zehazki.
Bi urte geroago, Henry Grafton Chapman Bostongo merkatari aberatsarekin ezkondu zen, zeina hiriko familia abolizionista nagusietakoaren semea zen. Lau seme-alaba izan zituen, eta horietako bat haurtzaroan hil zitzaion. 12 urteren buruan, senarra ere hil zitzaion.
Maria eta Henry abolizionista garrisoniarrak ziren; hau da, esklabotzaren berehalako eta baldintzarik gabeko amaieran sinesten zuten. Bide horretan, ez zuten onartzen inolako «jazarpen moralik», ezta hertsaketa politiko edo instituzionalik ere —eliza, alderdi politikoa edota gobernu federalarena barne—.
Weston esklabotzaren aurkako kausara bere familia politikoaren bidez batu bazen ere, irmoki egin zuen bere, esklabisten jazarpena gora-behera. Bere ahizpak ere, batez ere Caroline eta Anne, abolizionistak ziren, nahiz eta normalean Maria izan zen familiako esanguratsuena eta aktiboena.
1835ean, Mariak Bostongo Bazar Antiesklabistaren zuzendaritza hartu zuen. Aurreko urtean Louisa Loringek eta Westonek berak fundatu zuten dirua biltzeko. 1858. urtera arte zuzendu zuen ekitaldi hori, eta diru bilketa ugari egin zituen urte guzti haietan. Horrez gain, 1839 eta 1858 bitartean, Weston The Liberty Bell liburuaren editorea izan zen ia 20 urtez.
Weston bera ere idazle emankorra izan zen. “Right and Wrong in Massachusetts” (“Ongia eta gaizkia Massachusettsen”) argitaratu zuen 1839an, eta “How Can I Help to Abolish Slavery?” (“Nola lagun dezaket esklabotza abolitzen?”) 1855ean.
1885ean hil zen. Bere ibilbide oparoa dela medio, Lydia Maria Childek, XIX. mendeko idazle estatubatuar ezagunenetakoa eta esklabotzaren abolizioaren defendatzaile sutsua izan zenak, bere garaiko «emakume nabarmenetako bat» bezala definitu zuen.