
Seguru asko bere izena ez zaigu ezaguna egingo gehienoi, baina Monique Wittig idazle, saiogile eta aktibista feminista frantsesa (Dannemarie, 1935eko uztailaren 13a – Tucson, 2003ko urtarrilaren 3a) nazioarteko feminismoaren ezinbesteko erreferentzia da.
Bere pentsamenduari dagokionean, heterosexualitatea erregimen politiko gisa definitzen du, eta ‘lesbianismo materialista’ deitzen duenaren ikuspegian jartzen du arreta. Sexua, generoa, emakumea eta heterosexualitatea kategoriek dimentsio politiko handia hartzen dute beren testuetan.
1935ean familia kontserbadore batean jaioa, Monique Wittig 29 urterekin egin zen ezagun “L'Opoponax” (1964, Minuit) liburuarekin. Bertan bi haurren arteko maitasuna kontatzen zuen, eta liburu horrekin Medicis saria irabazi zuen.
Ondoren, “Les Guérillères” (1969) eta “Le Corps lesbien” (1973) idatzi zituen. Testu horietan izenordainak lantzen ditu. Maskulinoa unibertsalaz jabetu dela argudiatuz, ‘on’ (izenordain neutroa frantsesez) erabiltzearen alde egiten du, eta ‘gizon’ eta ‘emakume’ bezalako hitzak ezabatzea proposatzen du.
Izenordainetatik harago, arauetatik libratu nahi gaitu: maskulinoa edo femeninoa, literatura edo saiakera...
1970eko abuztuaren 26an Parisko Garaipen Arkuaren azpian soldadu ezezagunaren emaztearen oroimenez lore eskaintza jarri zuen ekintzaile bakarrenetakoa izan zen, Estatu frantseseko MLF (Emakumeen Askapen Mugimendua) mugimendu feministaren sortze ekitaldia izan zen hartan.
Sei urte beranduago, Amerikako Estatu Batuetara alde egin zuen, auto-erbesteraldi antzeko batean. Arrazoia? Ezberdintasun ideologiko sakonak zituela MLFko kideekin. Wittigen arabera, heterosexualitatea eredu gisa zalantzan jartzea dakar feminismoaren borrokak. Garairako, aurrerakoiegia.
Egun, bere lanak ezinbesteko bihurtu dira queer ikasketa eta ikerketetan. Berriki, Tours hiriak kale bat eskaini dio.
‘Pentsamendu heterozuzena’ (Susa, 2017, Lisipe) eta bere hainbat lan ekarri dira euskarara.