GAUR8

Garitaonaindiaren figurari buruzko ikerlanak irabazi du Duragaldeko Ikerlari Gazteen deialdia

Pello Zabarte Narbaiza zaldibartarrak Bitor Garitaonaindia herrikidearen bizitza eta lanari buruz egindako ikerlanak irabazi du Durangaldeko Ikerlari Gazteen aurtengo deialdia. Eskualdeko figura historikoak euskararen alde egin zuen lan ezezaguna azaleratu du egileak, haren aitortza aldarrikatuz.

Bitor Garitaonaindiaren bustoaren inaugurazioa, 1955ean,
Bitor Garitaonaindiaren bustoaren inaugurazioa, 1955ean, (Balendin Lasuen Funtsa | Gerediaga Elkartea)

Pello Zabarte Narbaizaren lanak irabazi du Gerediaga Elkarteak antolatzen duen Durangaldeko Ikerlari Gazteen laugarren deialdia, Bitor Garitaonaindia zaldibartarrari buruz egindako ikerketagatik.

Idazle, dramaturgo, musikari eta kazetari gisa jardun zuen elizgizona zen Bitor Garitaonaindia Ariño. XX. mendearen lehenengo herenean, askotariko diziplinak jorratu zituen zaldibartarrak. Gerediaga Elkarteak nabarmendu du, gainera, lan «guztietan» euskararen eta euskal kulturaren sustapena landu zuela Garitaonaindiak.

Euskal Pizkundea mugimendu sozial eta kulturaleko kidea izan zen, eta «euskararen estandarizazioan» egin zuen «ekarpen esanguratsua» azpimaratu dute.

Pello Zarbarteren lanak Garitaonaindiaren bizitza eta obra ekartzen du argitara, «egin zuen ekarpenak orain arte izan duen aitortza baino handiagoa merezi duela iritzita». Azaldu dutenez, figura ezezaguna baita Durangaldean, «Euskal Herri osoan ezaguna izateko balioa» duen lanaren egilea izan arren.

Epaimahaiaren esanetan, «lan sakona eta irakurterraza» da Zarbartek ondutakoa. «Metodo biografikoa darabil bestelako ikuspuntu gaurkotu batetik, euskararen bultzatzaile izan zen Durangaldeko figura historiko ezezagun bat azaleratzen du, oso modu dibulgatzaile eta hezitzailean», adierazi dute lanaren inguruan Irune Ruiz Tagle, Iruri Altzerreka Martinez eta Libe Solagaistua Zabala epaimahaikideek.

1.500 euroko saria jaso du Zarbartek, eta lana ‘Astola’ aldizkarian argitaratuko du datorren urtean.