
1915eko uztailaren 14an jaio zen Mariano Izeta, Elizalde Elizondoko Mutilenia etxean. Euskaltzalea, idazlea eta bere herriaren maitale, Baztanek denbora anitzean izan duen ordezkaririk nabarmenenetakoa izan da.
Federiko Izeta eta Juana Elizalderen zortzi seme-alabetan seniderik zaharrena zen. Gabriela Goñi Olaetxearekin ezkondu zen 1963ko maiatzaren 15ean, eta bi alaba izan zituen, Maria Ines eta Juana Mari.
Aita zarauztarra zuen, eta 1902an joan zen Elizondora bizitzera. Erloju-denda ireki, eta hura izan zuen ogibide. Berori jaso zuen Marianok gerora ere. 14 urte zituela utzi zituen ikasketak, eta aitaren erloju-dendan hasi zen lanean, 1929an. Bizi guztia pasa zuen bertan, eta ez zen inoiz jubilatu.
Lehenbiziko ikasketak herriko eskola nazionalean egin zituen Marianok. Garaiko ikasleen gisan, gaztelania hutsez. Sasoi hartan gaztelania zen nagusi Elizondoko karriketan, baina hori ez zen oztopo izan euskararekiko grina pizteko.
Grina horren lekuko, 1934an estreinako ikastola ireki zen Elizondon. Ignazio Iturria Altzate izan zen bultzatzaile nagusia, eta diruz lagundu zuena. Lanean hasi eta berehala itxi zuen eskola eskualdeko ikuskatzaileak, baimen batzuk falta zirela argudiatuta. 1936ko otsailean berriz ere ireki zuten ikastola, jada baimen guztiak zituela, baina urte hartako udan gerra piztu eta Pelaioen kuartela bihurtu zen ikastola.
Mariano Izetak «eguneroko gertakari eta bitxikerien berriketari xume» gisa definitu zuen bere burua. Baztango albisteak ematen jardun zuen, batik bat. ‘Zeruko Argian’ ekin zioen kazetari lanei, eta ondotik ‘Principe de Viana’ aldizkariaren euskarazko gehigarriko ‘Erriz Erri’ sailean hainbertze artikulu idatzi zituen, 1966 eta 1980 urteen artean.
Arestian aipatutako bi komunikabide horietaz gain, ‘Herria’-n, ‘Euskaldunon Egunkaria’-n, ‘Diario de Navarra’-n, ‘Navarra Hoy’-en eta ‘Diario de Noticias’-en idatzi zuen, eta irratigintzan Baztan-Bidasoako Xorroxin Irratian eta Nafarroa Behereko Irulegi Irratian jardun zuen.
Kazetari lanekin hasitako ibilbideak jarraipenik izan zuen literaturarekin. Ipuinak idazten hasi zen, herri-ipuinak nagusiki, eta horiek gerora ‘Nigarrez sortu nintzan’ liburuan eta ‘Arantzazu’ aldizkarian bildu zituen. ‘Sorgiñak infernuko errekan’ ipuina Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Isabel Lertxundi eta Jesus Mari Loidiren omenez antolatutako sariketako finalista izan zen.
Baina hori baino lehen ere argitaratua zuen bere lehenbiziko liburua Mariano Izetak. Hain zuzen, “Dirua galgarri” izan zen bere lehenbiziko lana, 1962an argitaratua eta bi urte lehenago idatzia. Diru ebasketa baten berri ematen zuen lan horretan. 1982an argitaratu zuen hurrengoa. Horietan guztietan, kazetaritza zein literatur lanetan, Baztango euskara zerabilen Marianok.
Euskararekiko loturak bultzaturik, eta inguruan bertsolariak ere bazituela aintzat hartuta, 1936an lehendabiziko Nafarroako Bertsolari Txapelketa antolatzeari ekin zion. Baina bertsolaritza, bertze hainbertze adierazpen bezala, klandestinitatera mugatu zen gerra garaian. Baita gerora ere, 1960an ekin baitzioten berriz Nafarroako Bertsolari Txapelketa antolatzeari.
2001eko urtarrilaren 8an bere etxean zendu zen, 85 urte zituela. Jabier eta Juan Migel txistulari eta atabalari arizkundarrek Alkate soinua joz sartu zen elizan, hilkutxak gainean Baztango bandera zuela.