
Ez dago ebidentzia argirik gizakiak ardiei ilea mozten hasi ziren unearen inguruan, ezta «ehungintzaren jardueraren hastapenak noiz izan ziren ere». EHUko MetaboloMips ikerketa taldeak arkeologia esperimentala aplikatu du silexez eta obsidianaz egindako historiaurreko tresnetan lanolinarik izan ote zen jakiteko.
Lanolina artilean izaten den argizari bat da. Tresnetan agertzekotan, «adieraziko luke garai hartako gizakiek ilea mozten zietela ardiei eta aukera emango luke ehungintza noiz abiatu zen jakiteko», azaldu dute EHUko iturriek.
Ehungintza Neolitoan hasi zela dio teoria nagusietako batek. Garai hartan ez zuten metalezko tresnarik erabiltzen, baizik eta silexez, hezurrez eta harriz egindakoak.
EHUko iturriek azaldu dute ohar batean Kataluniako Giza Paleoekologia eta Gizarte Eboluzioko Institutuko (IPHES) arkeologoek MetaboloMips taldeari luzatutako galdera dagoela ikerlanaren abiapuntuan, garaiko materialetan ebidentziak eman zitzakeen biomarkatzaileren bat egon zitekeen planteatu baitzieten.
«Lanolina artilean dagoen argizari naturala da, ardien azala eta artilea ingurunetik babesteko sortzen dena, eta metatu egiten da ardiei ilea mozteko erabiltzen diren tresnetan. Alkohol, gantz-azido eta hidrokarburoz osatutako nahaste konplexua denez, nahiko zaila da lanolina kimikoki karakterizatzea», argitu dute.
«Artilea moztean tresnetan geratzen diren lanolina-arrastoak denborarekin degradatu egiten direla ikusi dugu; lanolinaren konposatu nagusiak desagertu egiten dira eta, prozesuan, konposatu berriak sortzen», adierazi du Asier Vallejo EHUko MetaboloMips taldeko ikertzaileak.
Orain, helburua da metodologia hau benetako tresna arkeologikoetan erabiltzea. Vallejok esan du metodologia garrantzitsua dela arkeologoentzat, «ez baitaukate inolako ebidentziarik ehungintzaren abiapuntua zer garaitakoa den».
Gogoratu dutenez, gaur egun, batez ere ardiei parasitoak kentzeko eta udarako prestatzeko moztu ohi zaie ilea, baina garai batean artilea janzteko ere erabili zen.
«Silexeko tresnatan lanolina egon zela hautematen bada (alegia, ardiei ilea mozten zietela jakiten bada) eta, bestetik, horretarako erabilitako tresnen inguruan puntzoiak eta halako tresnak azalduko balira, ehungintzaren hasieran geundekeela ziurtatuko lukete», nabarmendu du EHUko ikertzaileak.