
Juan Manuel Fangio gidari argentinarra gaur 30 urte hil zen, 1995eko uztailaren 17an. Emigrante italiarren semea, 1911n jaio zen Balcarce herrian eta 1938an hasi zen lehiatzen. Diruz lagunduta Errepide Turismoko Chevrolet bat eskuratu zuen, eta horrekin 1939ko Argentinako ‘1.000ak’ eta 1940ko Iparraldeko Nazioarteko Sari Nagusia irabazi zituen.
1948-1949ko Argentinako Denboraldiek nazioartean ezagutarazi zuten, eta denboraldi horretan bertan Europara joan zen, Argentinako Automovil Clubek finantzatuta. Bertan, San Remon, Pauen, Perpinyanen eta Marsellan irabazi zuen; lehen hiruretan Monza taldean, azkena Ferrari baten gidaritzapean. Alfa Romeok fitxatu ostean, munduko txapeldunorde izan zen 1950ean eta txapeldun 1951n.
1952an istripu larri baten biktima izan zen Monzan, eta bi denboraldi eman zituen zirkuituetatik urrun. Behin sendatuta, munduko txapeldun izan zen 1954an (Maserati eta Mercedes), 1955ean (Mercedes), 1956an (Lancia-Ferrari) eta 1957an (Maserati). Urte horretan lortu zuen bere garaipenik mitikoena Alemaniako Sari Nagusian, 46 urterekin. Hain zuzen, hori izango zen azkena. 1958an erretiratu zen lehiaketatik. Hala ere, hil baino lehentxeago arte, motorraren kirolarekin lotuta jarraitu zuen.
Erretiratu zenean, Juan Manuel Fangio zen munduko bost titulu lortu zituen pilotu bakarra. 2003an, baina, Michael Schumacherrek langa hori gainditu zuen.