GAUR8

Gaur urtebete Microsoft erori eta CrowdStrike famatu egin zen

Microsoften izandako akats batek kudeaketa-arazo larriak eragin zituen mundu osoko airelineetan eta ordainketa- eta osasun-sistemetan. Euskal Herrian, Osakidetzari, Lakuako Gobernuari eta Izenperi eragin zien.

«Pantaila urdinak» Laguardiako aireportuan, AEBetan, 2024ko uztailaren 19an.
«Pantaila urdinak» Laguardiako aireportuan, AEBetan, 2024ko uztailaren 19an. (Smishra1 | WIKIMEDIA COMMONS)

2024ko uztailaren 19an Microsoften sistemen matxura globalak kudeaketa-arazoak sortu zituen mundu osoan; Euskal Herrian, Osakidetza izan zen kaltetuetako bat. Aditu batzuek historiako eroriko handienetakotzat jo zuten. Microsoftek argitu zuen intzidentzia larriak ez zuela zerikusirik izan zibererasoekin, ezta bestelako segurtasun-arazoekin ere. Crowdstrik enpresaren zibersegurtasun osagai baten eguneratzearen ondorioz sistemetan izandako akats batek eragin zuen erorikoa.

Azpiegitura kritikoetan, hala nola aireportuetan eta garraio publikoan, mundu osoko enpresatan edo bankuetan, eta baita mundu osoko osasun-zentroetan ere –tartean Osakidetzan–, izan zuen eragina.

Horrela, Lakuako Gobernuko Administrazio Orokorreko ordenagailuen % 70i eragin zien goizeko lehen orduan. 10:00ak aldera, gailuen erdiak baino gehiago normaltasunez funtzionatzen ari ziren. Microsoften arazoek Izenpe EAEko administrazioen identifikazio elektronikorako plataformari ere eragin zioten, eta horrek dokumentuak sinatzea eragotzi zuen lehen orduetan.

Microsoften sistemetan izandako akatsaren ondorioz, aire-sektorea izan zen kaltetuenetako bat. Guztira, 29.000 hegaldi baino gehiago atzeratu zituzten eta 3.000 hegaldi baino gehiago bertan behera geratu ziren mundu osoan.