
Bionekazaritza (Araba), Ekolur (Bizkaia), Biolur (Gipuzkoa) eta Marisatsa elkarteek udako azoka ekologikoak antolatuko dituzte abuztutik urrira EAEko 12 udalerritan, ENEEK-Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren laguntzarekin eta udalerri bakoitzeko udalen zein kontsumo taldeen parte hartzearekin.
Ekolurrak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, elikagai ekologikoak herritarrengana gerturatzea eta agroekologiaren balioak plazaratzea dira azoken helburuak, eta Zigoitian, Zarautzen, Zumaian, Donostian, Errenterian, Getxon, Zerainen, Azpeitian, Mungian, Gasteizen, Durangon eta Eibarren egingo dira.
Antolatzaileen arabera, udako azoka ekologikoak «aukera paregabea» dira lurraldeko elikagai ekologikoen aniztasuna eta kalitatea ezagutzeko, eta horrela, ingurumenarekiko errespetuz eta intsumo kimikorik gabe ekoitzitako produktuak izango dira protagonista. Elikagaiak Europar Batasuneko hosto berdea duten etiketen bidez identifika daitezke.
«Elikagai ekologikoen kontsumoa eguneroko praktika bihurtzea gakoa da, eta horretarako, azoka hauek funtsezko topagune dira herritarrak informatzeko eta kontzientziatzeko», azaldu dute.
Edonola ere, eskaintza ez da salmahaietan bukatuko, hainbat herritan sukaldaritza saioak, dastaketak eta elikagai ekologikoen inguruko erreketak egingo baitira aurten. Helburua da herritarrak gerturatzea, jakin-mina piztea eta kontsumo ekologikorako pausoak erraztea.