
Ondo pasatzeko eta alaitasuna ospatzeko eguna izan behar zuen Duisburg (Alemania) hiriko ‘Love parade’ jaialdiak. Normalean mugarik gabeko esparru batean ospatu ohi zen, baina 2010eko edizio hartan, Kulturaren Europar Hiriburutartasuna ospatzeko xedea zuena, esparrua mugatzea erabaki zuten. Sarrera bakarra zegoen: tunel bat.
Doakoa izanik eta mundu mailako DJak jo behar zutenez, milaka eta milaka pertsona bertaratu ziren. Izan ere, uste dute milioi eta erdi pertsona gerturatu zirela, hasierako kalkuluek bi milioi pertsonez hitz egiten zuten arren. Kontrara, antolakuntzak esan zuen eremua ez zegoela beteta (250.000 pertsonentzako edukiera zuen) azken orduetan iritsi ziren trenen bidaiariak zenbatuta. 1.200 polizia zeuden jaialdian, segurtasuna zaindu zezaten.
Tunela kolapsatu egin zen une batean, irtetzeko eta ateratzeko bide bakarra zelako, eta jendea urduri jartzen hasi zen. Eskailera batetik ateratzen saiatu ziren batzuk, baina gero eta pertsona gehiago ziren horra igotzen ari zirenak, Eskailera apurtu eta jendea behean zegoen multzoaren gainera erortzen hasi zen.
Horrek izua sortu zuen eta elkarri bultzaka hasi ziren bertaratutakoak, batzuk lurrera botaz eta zapalduz. Ondorioz, 21 pertsona hil ziren itota -18 eta 38 urte bitartekoak- eta beste 511 zauritu ziren. Poliziak erabaki zuen jaialdia ez etetea, eta tunelean jendea hiltzen zen bitartean, milaka pertsona ondo pasatzen ari ziren metro gutxira. Estaldura gutxi omen zegoen eta ez zituzten mezuak jasotzen. Eremutik ateratzean hasi ziren albisteak jasotzen.
Ezbehar hura gertatu zenetik, 1989tik geroztik antolatzen zen jaialdia ez dute berriro antolatu. Gertatutakoa inoiz ahaztuko ez denez, sentsatzio triste horiek jaialdiaren izaera alaiarekin bat ez datozela uste dute antolatzaileek, eta hildakoekiko errespetuz, ‘Love parade’ ez da berriro ospatu (ez izen horrekin behintzat). 15 urte betetzen dira gaur.