
25 urte dira Air Franceko 4590 hegaldiak istripua izan eta 113 pertsona hil zirela, hegazkinean zeuden bidaiari eta tripulazioko kide guztiak, eta lurrean zeuden beste 4 pertsona. Pariseko Charles de Gaulle aireportutik atera zen Concorde motako hegazkina, eta New York zuen helmuga, baina aireratu eta berehala gertatu zen ezbeharra.
Ikerketen ostean jakin zenez, Continental Airlines konpainiako hegazkin batek titaniozko banda bat galdu zuen aireratzean. Concordea metalezko pieza horren gainetik abiadura handian pasatzean, gurpiletako batek eztanda egin zuen, eta pneumatikoaren zati batek hegazkinaren ezker hegoa jo zuen 323 kilometro/orduko abiaduran. Kolpe horrek presioa eragin zuen ibilgailuan eta erregaiaren depositoa apurtu egin zen. Atera zen erregaiak sua hartu zuen –ez dakite zergatik, nahiz eta hipotesi batzuk badauden–, eta motorrek potentzia galdu zuten.
Hasiera batean tripulazioa ez zen suaz ohartu, eta motorretan zerbait gertatzen ari zela sumatu zuen. Hala, hegan egiteko nahikoa potentzia ez zuenez, hegazkina Parisko Le Bourget aireportura eramaten saiatu zen, une horretan gertuen zegoena zelako, larrialdizko lurreratzea egiteko. Suak, berriz, ezkerreko hegoa urtu egin zuen eta hegazkinak kontrola galdu zuen, Gonesseko Hotelissimo ostatuaren kontra joz. Bertan zeuden lau pertsona hil ziren, eta sutea eraikinean zabaldu zen. Hegazkinean bidaiatzen zuten pertsona guztiak ere bertan hil ziren.
Hala eta guztiz ere, ezbeharra askoz larriagoa izan zitekeen oraindik eta Christian Marty pilotua heroitzat hartua izan zen ahalik eta bizitza gehien salbatzen saiatu zelako larrialdizko azken une horietan; Gonesse herrian bete-betean jo izan balu, biktimak askoz gehiago izango lirateke.
Ikerketen ostean, epaiketa izan zen eta Continental Airlines konpainia kondenatua izan zen haren akats batek eragin zuelako istripua. Parisko ezbeharra Concorde motako hegazkin batek izan zuen istripu bakarra izan zen.