GAUR8

Bi urte ausarta eta ideia argikoa zen Sinnead O'Connorri agur esan genionetik

Ile motza eta begirada sakona ziren bere bereizgarriak. Horien atzean bere ideiak argi adierazteko gai izan zen emakumea zegoen. Sinnead O'Connorrek ez zuen beldurrik berarentzat justua zenaren alde borrokatzeko, eta horren adibide da telebistan, zuzenean, aita santuaren irudia apurtu zuenean.

Sinnead O'connor 2023ko martxoan, Irlandan sari bat jasotzen.
Sinnead O'connor 2023ko martxoan, Irlandan sari bat jasotzen. (Kieran Frost | Getty)

Belaunaldi baten soinu banda osatzen lagundu zuten Sinead O'Connor abeslari irlandarraren kantek. Gaur duela bi urte hil zen, 56 urte zituela. Estudioko hamar diska kaleratu zituen eta nazioartean ezaguna izan zen, ez soilik bere ahots gozoarengatik eta bere ezohiko ile motzarengatik, baizik eta baita bere aktibismoarengatik ere.

Izan ere, oso kritikoa izan zen eliza katolikoarekin, eta 1992an garaiko aita santuaren, Juan Pablo II.aren, argazkia apurtu zuen "Saturday Night Live" saio arrakastatsuan egindako emanaldi batean. Bere helburua elizan emandako abusu sexualak salatzea izan zen.

Bob Dylanen omenez New Yorken antolatutako kontzertu batean eszenatokira ateratzean txioka hartu zuen publikoak. Zarata hain ozena zen ezen ezin zuen kantatu. Musikariei ez jotzeko eskatu zien, eta bere mikrofonoaren bolumena igo zuen Bob Marleyren "War" kanta garrasika abesteko. Adin txikikoei abusuak aipatzen diren unean eten zuen abestia, bere ideiak azpimarratuz, eta alde egin zuen.

Iritzi publikoaren partetik eraso ugari jaso arren, inoiz ez zen egin zuenaz damutu. Denborak arrazoia eman zion azkenean, eta hurrengo urteetan elizan emandako abusuen ondorioz salaketa gehiago agertu ziren.

Denak ez ziren kritikak izan eta babesak ere izan zituen. 1993an saio berean, Madonnak bere pausoak jarraitu zituen eta Joey Buttafuoco bortxatzailearen argazkia apurtu zuen O'Connorrek erabilitako hitzak errepikatuz, «borrokatu ezazu benetako etsaiaren aurka».

O'Connorek Feminismoaren eta LGTBIQ+ komunitatearen idealak sutsuki defenditzen zituen, horrek "polemikoa" izatearen etiketa eman zion arren. Oso kritikoa izan zen musika panoramarekin ere, bere iritziz musika estilo batzuei ikisgarritasun gehiago ematen zaielako beste batzuei baino, eta hori bidezkoa ez dela defendatu zuen. Beste musikari batzuek ere kritika horrekin bat egin zuten, gehien bat rap estilokoak, Grammy sarietan, adibidez, musika estilo horri zegokion atala ez zutelako telebistan botatzen. Kritika orokorra bazen ere, 1991. urtean irabazi zuen Grammy sariari uko egin zion, orain arte sari hori ez onartzea erabaki duen musikari bakarra bilakatuz.

2018an islamera fede-aldaketa egin zuen, eta Shuhada Sadaqat izena hartu zuen, musikan bere ohiko izenarekin jarraitu bazuen ere. 2021ean erretiroa iragarri zuen, bere 17 urteko semea hil ondoren, eta bi urte geroago hil zen, zuen biriketako gaixotasun obstruktibo kronikoaren ondorioz.

Bizitza osoan zehar osasun mentaleko arazoak izan zituen. Ausarta izan zen hil arte, eta bere ideiei jarraituz bizi izan zuen bizitza osoa.